Artea

Goyari buruzko erakusketa zabala ireki du Bilboko Arte Ederren Museoak

Margolariak Madrilgo gortean emandako sasoia biltzen dute artelanek, eta artistak egindako hainbat euskal herritarren erretratuak ere bildu dituzte.

Emakume bat, Bilboko Arte Ederren Museoan Goyari eskaini dioten erakusketan
Emakume bat, Bilboko Arte Ederren Museoan Goyari eskaini dioten erakusketan Monika del Valle/ Argazi Press

Iñigo Astiz -

2018ko otsailak 13

“Gutxi dira artearen historian Goyaren mailan daudenak. Rafael, Michelangelo, Tiziano, Rembrandt, Rubens, Velazquez, Goya. Besteren bat ere bai agian, baina ez dakit”. Lehen lerrokoen arteko lehenetarikoen artean kokatu du Francisco Goya artista Manuela B. Mena arte aditu eta Prado museoko XVIII. Mendeko Pintura eta Goya Ataleko Kontserbazio buruak. Lehen lerrokotzat aurkeztu du horregatik ere Bilboko Arte Ederren Museoak artistari eskainitako erakusketa ere. Gudrun Maurer kontserbatzailearekin batera antolatu du erakusketa Menak, eta Madrilgo Prado museoko funtsak izan ditu horretarako oinarri nagusia. Guztira, 96 pieza bildu dituzte, eta Goyak Karlos III.aren eta Karlos IV.aren gorteetan emandako sasoia laburbiltzen du. Orain, Bilbon ikusi ahalko dira guztiak maiatzaren 28ra arte, Goya eta gorde ilustratua erakusketan.

Margolanez gainera, Goyak Martin Zapater lagunari idatzitako hamahiru eskutitzek osatzen dute erakusketaren bizkarrezurra. Aurrez publikoan sekula erakutsi gabeak ziren dokumentu horiek, eta artistaren eskuizkribuak irakur daitezke bertan, gortean gora egiten joan ahala bizi izandako nekeak eta pozak. “Goyarik gertukoena eta intimoena ikusten da hor”, zehaztu du Menak. “Bere nortasunaren berri ematen dute eskutitz horiek, eta baita gortean nagusi zen lehia giroarena ere”.

Ehizarekin hasi

Laguntzaile modura heldu zen lehenengoz Goya Madrilera, 1775ean. Ehiza koadroekin laguntzera, zehazki. Eta Zaragozari eskainitako margolanen ostean, horregatik, ehiza koadroek abiatzen dute erakusketako ibilbidea. Eta lehen areto horretan topa daiteke erakusketako lan nabarmenetariko bat ere: Karlos III.aren ehiza erretratua. Irribarre inozoz, betoker eta zimurtuta irudikatu zuen erregea artistak. Hasia zen zabaltzen ordurako herritarren eta agintarien arteko batasun idealaren ideia ilustratua, gortean, eta horren ondorio ere bada mingarri izaterainoko mugara doan Goyaren erretratu hori ere.

Menak eman du azalpena. “20ko hamarkadako bibliografia nagusian zabaldu zen ustearen kontra, Goyak bere erretratuetan ez zuen inor epaitzen. Goyak ez du epaitzen, definitu egiten du. Erretratatzen dituen pertsonaien sakoneraino sartu eta harrapatu egiten ditu”.

'Oilo itsua' erraldoia

Badira Goyaren lan esanguratsu gehiago ere erakusketan. Bertan dira, besteak beste, Oilo itsua koadro erraldoia, Herrixkako iruzurtia margolana, eta San Adriango markesateren erretratua zein Mahats bilketa olioa ere. Guztira, artistaren 32 margolan eta 12 eskutitz biltzen ditu bildumak. Eta gortearen inguruan zebiltzan beste artista batzuenak dira zintzilikatu dituzten gainontzeko koadroak.

Goyak bizi izandako sasoiko artea erakustea izan da beste artista horiek ere txertatzearen motiboa. Eta artista horien, haien artean dira, besteak beste, Luis Paret, Mariano Maella, Jose del Castillo, Antonio Carnicero eta Lorenzo Tieopolo. “Oso zaila da Goyaren lanen ondoan egotea”, onartu du erakusketako komisarioak. “Halere, lan horiek erakusten dute Goyak jarraitu zuen estetika bat”.

Euskal erretratuak

Berez, Zaragozan erakusteko soilik antolatu zuten erakusketa Madrilgo Prado museoak eta Caixa Fundazioak, baina beste hainbat geldialdi egin ondoren heldu da Bilbora azkenean. Osatu egin dute bilduma, gainera, okasiorako. Erakusketak izan dituen aurreko geldialdietan ikusgai jarritako artelanez gainera, aparteko atal bat ere antolatu dute Goyak euskal herritarrei egindako erretratuak erakusteko. Baina ez da kapritxo hutsa. Asko izan ziren Goyak erretratutako euskaldunak. Gehienak, Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren museoko zuzendariak zehaztutakoaren arabera. Haren hitzetan, artistak egin zituen erretratu guztiak kontuan hartuta, euskal herritarrei eskainitakoak baitira nagusi. “Horrek erakusten du euskaldunek gortean zer garrantzi zuten”, azaldu du zuzendariak.

Katalogoa ere osatu dute euskaldunei buruzko atalarekin. Erakusketaren katalogo orokorrarekin batera salduko dute katalogo gehigarri hori.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna