Ezbeharra

Sua piztu da Bermeoko Alde Zaharreko etxebizitza batean

Lau lagun ospitalera eraman dituzte kea arnasteagatik

'Busturialdeko Hitza'

2018ko otsailak 14

Bermeoko (Bizkaia) Bidebarrieta kaleko 15. zenbakiko lehen solairuan gertatu da ezbeharra, 11:25ean, eta lehen bi solairuetako etxebizitzak kaltetu ditu. Etxebizitza horietako bizilagunak atera egin behar izan dituzte.

Busturialdeko Hitza-ren arabera, suhiltzaileek kontrolpean hartu dute sutea, 12:15ak aldera. Ondoren, gunea haizeztatzeko eta hozteko lanetan aritu dira. 13:50ak aldera, guztiz amatatzea lortu dute.

Kea arnastu dutela eta, lau lagun eraman dituzte Gernika-Lumoko eta Galdakaoko ospitaleetara (Bizkaia).

Hiru solairuko egurrezko eraikina da su hartu duena. Bermeoko alde zaharrean dago kokatua, eta lau familia bizi dira bertan. Bermeoko udalak adierazi duenez, bizilagunek ezin izango dute haien etxeetara itzuli, sutearen jatorria argitu eta eraikinaren egitura arriskutik kanpo dagoela ziurtatu arte.

Arratsaldean, beste bi sute izan dira Bizkaian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna