Enpresak

Inoiz baino lan sozietate eta kooperatiba gehiago sortu ziren iaz Nafarroan

ANELen arabera, gizarte ekonomiako 111 sortu ziren iragan urtean, eta hiru urtean %55eko hazkundea izan du enpresa eredu horrek.

Ignacio Ugalde ANELeko presidentea eta Antonio Martinez de Bujanda gerentea.
Ignacio Ugalde ANELeko presidentea eta Antonio Martinez de Bujanda gerentea. IƱigo Uriz / Argazki Press

Joxerra Senar

2018ko otsailak 14

Pozik eta harro azaldu da Ignacio Ugalde ANEL Nafarroako Gizarte Ekonomiako Enpresen Elkarteko presidentea. Kooperatiba zein lan sozietateen kopurua gorantz ari da, eta, ondorioz, gero eta enplegu gehiago sortzen dute: 1.746 lanpostu sortu zituzten iaz, iragan urtean Nafarroan arlo pribatuan izandakoen laurdena (%26, zehazki).

"Beste ezein sektore ez da gurea bezainbeste handitu", nabarmendu du gaur goizean Ugaldek. Alde horretatik, Europako Batasuneko eskualdeen artean Nafarroa "erreferente" dela deritzo. Uneotan, eredu horren alde egin duten enpresek 12.826 langileri ematen diote lana. Azken lau urteetan enpresa horietako lanpostuak %42 handitu dira.

483 kooperatiba

Nafarroan 483 kooperatiba daude. "Kooperatibismoa indartsu dago", adierazi du Ugaldek. "Desberdintasunak murrizten laguntzen du, eta uneotan hori da garai honen gaitzik handienetakoa".

Nahiz eta enpresa gehienak Iruñerrian sortu diren, ANELeko presidenteak azpimarratu du Erriberan, Sakanan, Lizarraldean eta Nafarroa erdialdean garapen handia izan dutela. Horrekin batera, mendialdean "proiektu berriak" bultzatu dituzte. Eskualdeen garapenarekin batera, nazioartetzeari garrantzia eman dio. "Funtsezkotzat jotzen dugu gizarte ekonomia Europara gerturatzea".

Antonio Martinez Bujanda ANELeko gerenteak esan du elkartearen helburu nagusia "gizarte ekonomiaren garapena" dela. Nafarroaren garapen ekonomikoan parte hartzen duela azpimarratu du. Hainbat kontseilutan parte hartzeaz gain, udalekin duten elkarlana nabarmendu du Martinezek. Era berean, Hezkuntza departamentuarekin eta lanbide prestakuntzako zentroekin proiektu bat dute 50 gazteri "gizarte ekintzailetza proiektuak nola garatu erakusteko". Gainera, ANELek hala langileekin nola langabeekin formakuntza saioak egiten dituela azaldu du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna