Sindikatuak

ELAk irabazi ditu ordezkari gehien azken hiru urteetan

Hegoaldean 384 ordezkari irabazi ditu ELAk 2014tik, eta 299 LABek. Aldiz, 276 galdu ditu UGTk eta 42 CCOOk

Txiki Muñoz ELAko idazkari nagusia (erdian), ELAren azken biltzarrean, 2016ko ekainean. MARISOL RAMIREZ, ARGAZKI PRESS
Jon Fernandez.
2018ko otsailaren 14a
20:15
Entzun

Aurten, lau urtean behin bezala, hauteskunde sindikalen epe trinkoa izango da. Hau da, abendura bitartean, datozen lau urteetarako ordezkari sindikalak aukeratuko dituzte Hego Euskal Herriko milaka langilek. Guztira, 5.978 ordezkari aukeratu beharko dituzte sektore guztietako enpresa publiko zein pribatuetan.

Gaur egun, 2017ko abenduko datu berrituen arabera, 23.358 ordezkari sindikal daude Hegoaldean, duela hiru urte baino 376 gehiago. Ordezkari berri gehien-gehienak sindikatu abertzaleek eskuratu dituzte, eta bidean ordezkariak galdu dituzte Espainiko sindikatuen euskal adarrek. 2014tik 2017ra bitartean ELAk 384 ordezkari berri irabazi ditu (8.445 dauzka guztira); LABek 299 irabazi ditu (4.235); UGTk 276 galdu ditu (3.370); eta CCOOk 42 galdu ditu (4.706). Gainontzeko sindikatuek 11 ordezkari irabazi dituzte, eta 2.602 dituzte guztira.

Hego Euskal Herrian, beraz, ELA da sindikatu nagusia, ordezkarien %36,15ekin; CCOO da bigarrena, %20,15ekin; LAB hirugarrena, %18,13rekin; eta UGT laugarrena, %14,43rekin. Beste sindiktuek ordezkaritzaren %11,14 daukate. ELAren arabera, "emaitzok ELAren eredu sindikala berresten dute".

Nafarroan, LABek igoera handiena

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %40,76eko ordezkaritza dauka Adolfo Muñozek gidatutako sindikatuak, duela hiru urte baino %0,8 gehiago (%39,88koa zeukan 2014an). LABek aurre hartu dio CCOOri, eta bigarren postuan dago EAEn, ordezkarien %18,9rekin. CCOOk ordezkarien %18,8 dauzka, eta UGTk %10,6.

Nafarroan UGT da nagusi, ordezkarien %25,2rekin, baina ordezkarien galera handia izan du: %2,35 gutxiago. Bigarren postuan CCOO dago (%23,8), baina hark ere ordezkarien %0,8 galdu ditu. ELA hirugarren postuan dago ordezkarien %22,8rekin, eta %1,2 igo da. LAB da laugarrena Nafarroan (%15,7), baina hark izan du igoera handiena azken hiru urteetan, %2koa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.