Musika

Izaro askatu egin da 'Eason' diskoan

Donostia eta era zabalean ulertutako maitasuna dira Izaro Andres musikariaren bigarren estudioko lanaren bi ardatz nagusiak.

Iñigo Astiz -

2018ko otsailak 15

Lehen diskoa atera egin zitzaiola esan du Izaro Andres musikariak (Mallabia, Bizkaia), eta bigarrena, nolabait ere, atera egin duela. “Bigarren lan hau lehenengoa baino kontzienteagoa da zentzu askotan”, azaldu du. “Aurkitze bat kontatu nahi izan dut disko honetan, neure buruaren aurkitzea”. Eta topaketa horretan Donostiak izan duen garrantziagatik eraman du diskoaren titulura hiriari egindako erreferentzia. Eason jarri dio izena, eta hamar abesti biltzen ditu, guztira.

Neguprenoa abestia zuzenean eskaini du diskoaren aurrerapen modura aurkezpenean.

Askeago ere aritu da oraingoan: askeago sortzerakoan, eta askeago grabatzerakoan ere. "Aurreko diskoa grabatzerakoan izerdi egin nuen estudioan, eta oraingoan dantza ere egin dut". Bere ahotsa ere hobeki ezagutzen duela azaldu du musikariak, eta "lurrera" ekarri duela. Eta Oriol Flores, Iker Lauroba eta Julen Barandiaran Txiki taldekideei ere aukera gehiago eman dizkie abestietan sartu eta moldaketak eta konponketak proposatzeko. Zestoan (Gipuzkoa) grabatu dute diskoa, Eñaut Gaztañaga teknikariarekin.

"Guztiz galduta egotetik, zoriontsu izatera pasa naiz". Musikariak azaldu duenez, gain egin dio zenbaitetan Om bere aurreko diskoarekin lortutako arrakastak. Udan ahotsa galtzera ere heldu zen, eta antsietatea ere izan duela aitortu du. “Urakanaren ondoren baretzen ari naiz pixka bat", esan du. Eta prozesu horren isla da Eason diskoa ere. "Honekin lortu dut perspektiba hori eta bake hori”.

Donostia eta maitasuna

Donostia da diskoaren erreferentzia nagusietariko bat, eta era zabalean ulertutako maitasuna da bestea. Bi gai horiek dituzte ardatz hitzek. Aurreko lanean bezala, oraingoan ere euskaraz, ingelesez eta gazteleraz abestu du musikariak, baina euskara izan da bizkarrezur nagusia, zehaztu duenez. “Lehen diskoa egin nuenean Kalifornian bizi izan nintzen denbora batez, eta, orduan, ingelesak presentzia handiagoa zuen. Oraingoan euskarak dauka ia presentzia dena, eta mantendu da nire bizitzako hizkuntza proportzioa”.

Martxoaren 8an eskainiko du lehen kontzertua, Bilboko Arriaga antzokian, eta Donostiako Victoria Eugenian izango da martxoaren 9an. Gasteizen, berriz, martxoaren 24an. Madrilen, Bartzelonan, Galizian eta Mexikon kontzertu sorta bat ere badu itxita. Lehen emanaldietarako sarrera gehien-gehienak salduta daude jadanik, eta “paniko momentu batean” dagoena onartu du musikariak. “Badakit hau ez dela izaten ohikoena. Oso eskertuta nago”.

Er(h)ori abestiaren bideoklipa ere aurkeztu zuen urtarril erdialdera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna