Garraioa

N-1eko bidesaria "lardaskeria hutsa" dela salatu du Hiru sindikatuak

Sistema ondo dagoela egiaztatu arte, ordainketak eteteko eskatu dio Gipuzkoako Diputazioari.

Jon Fernandez.
2018ko otsailaren 16a
14:41
Entzun

Garraiolarien Euskal Herriko sindikatuak, Hiruk, gaur goizean salatu du Gipuzkoako Foru Aldundia ordaindu behar ez lukeenari kobratzen ari zaiola N-1eko AT sistemarekin, eta, aldiz, ez dela kobratzen ari "bere irizpideen arabera ordaindu beharko liokeenari".

Irregulartasunok kritikatuta, Hiruk diputazioari eskatu dio bidesarien ordainketa sistema bertan behera uzteko behin-behinean, "sistema ondo dagoela egiaztatu arte". Gainera, orain arte gaizki kobratutako guztia itzultzeko ere eskatu dio.

Duela hilabete jarri zuen martxan arkuen bidezko AT bidesarien sistema aldundiak. Berez, 3,5 tonatik gorako kamioiei kobratzen dizkiete automatikoki dagozkien tarifak, haiek arkupeetatik egindako igaroaldien arabera. Egunero 3,5 tonatik gorako 12.000 kamioik zeharkatzen dute Gipuzkoa N-1 errepidetik.

Kontua da, Hiruren arabera, sistema ez dabilela ondo. Alde batetik, azaldu du arkuek ez dituztela irakurtzen 3,5 tonatik gorako kamioi batzuen AT gailuak, eta beraz, ez dietela kobratzen, "eta orain garraiolari horiek mehatxuzko eskutitzak jasoko dituzte". Beste aldetik, esplikatu du, "informazio ezagatik edo ezjakintasunagatik", bidesaria pagatzen ari direla berez ordaindu behar ez luketen gidari batzuk, 3,5 tonatik beherakoak: "Kanpoko autobusak, autokarabanak eta furgoneta handiak". Horientzako, sindikatuak 943 36 40 92 telefono zenbakia eta peajerikez@hiru.org helbide elektronikoa jarri ditu martxan, kaltetuek Hirura jo dezaten laguntza eske, "denon artean bidegabekeria hau amaiarazteko".

Hiruk ez du egoki ikusten diputazioak herritarren ardurapean laga izana joan-etorri bakoitzean ibilgailuko AT gailuak soinua egiten duen bakoitzean kobratu dioten ala ez egiaztatzeko ardura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.