Enpresak

Iberdrolak 2.800 milioi euro irabazi ditu, %3,7 gehiago

AEBetako erreforma fiskalak 1.284 milioi euroko eragin positiboa izan du; horniduretara bideratu du diru hori konpainiak.

Ignacio Sanchez Galan, artxiboko atgazki batean. PHILIPP GUELLAND / EFE
xabier martin
2018ko otsailaren 21a
12:09
Entzun

Merkatuko analisten aurreikuspenak gainditu ditu Iberdrolak, eta %3,7 igo ditu mozkinak 2017an. 2.804 milioi euroko irabazi garbia lortu du Ignacio Sanchez Galanek gidatzen duen konpainiak. Sareen (AEB eta Brasilen) eta energia berriztagarrien negozioen emaitzek hauspotu dituzte gehien Iberdrolaren emaitzak. Espainiako negozio tradizionalaren emaitza kaskarrak orekatu dituztela jakinarazi du enpresak. Lehorteak nabarmen kaltetu du Espainian energia sorkuntzaren adarra; %49 gutxiago ekoitzi du Iberdrolak.

Horiek horrela, sarrerak ia %8 handitu ditu 2'017an Iberdrolak, 31.244 milioi euroko kopuru lortu arte. EBITDA emaitzak behera egin du, ordea, %7,8 hain zuzen; 7.318 milioikoa izan da CNMV arautzaileari igorritako informazioaren arabera.

Inbertsioak asko handitu dira, halaber, 5.891 milioiko inbertsioa egin du energia konpainiak (+%38). AEBetik albiste onak jaso ditu Ignacio Galan buru duen multinazionalak. Donald Trumpek bultzatutako erreforma fiskalak 1.284 milioi euroko eragin positiboa izan duela jakinarazi du konpainiak, eta kopuru hori hornidurak egiteko eta hainbat aktiboren balioa gaurkotzeko baliatuko duela iragarri du. Erreforma fiskala, beraz, funtsezkoa izan da Iberdrolak emaitza onak lortzeko.

Dibidendoa eta erakingortasun plana

Emaitza hauek oinarri hartuta, Iberdrolak 0,33 euro gordin akzioko banatu ditu akziondunen artean (2016an baino %3,2 gehiago), Akziodunen Batzar Nagusiak horrela onartzen badu. Apirilaren 13an egingo dute batzarra; ordurako 2018-2022 plan estrategikoa zertan gaurkotuko den ezaguna izango da, gaur bertan plazaratuko baitu konpainiak Londresen. "Hazkunde iraunkor baten oinarriak" ezarri nahi ditu Iberdrolak, eta horretako "eraginkortasun plan bat" ezagutaraziko du gaur. Plan horrek lantaldean zer-nolako eragina izango ere jakinaraztea espero da.

Era batera edo bestera, 32.000 milioi euroko inbertsioa egin nahi du Iberdrolak 2022rako. Inbertsio hori sareen negozioan (%50) eta berriztagarrietan (%37) egingo du batik bat. 2022. urterako EBITDAren %80 negozio horien bidez lortuko dutela uste dute. Irabaziei begira ere helburu argi bat finkatu du, eta gaur bertan ezagutaraziko duen eraginkortasun plana tarteko, honako hau da: 3.500 eta 3.700 milioi euro arteko mozkinak 2022rako. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.