cabieces auzia

Gorenak berretsi egin du 'Kutxabank auziko' zigor epaia

Horrez gain, Mario Fernandezi inhabilitazioa ezarri dio. Mikel Cabiecesi urtebeteko kartzela jarri zion Bizkaiko Auzitegiak, iaz.

Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari ohia, Rafael Alkorta abokatua eta Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohia, iazko otsailean, Bilbon, epaiketan.
Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari ohia, Rafael Alkorta abokatua eta Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohia, iazko otsailean, Bilbon, epaiketan. Luis Jauregialtzo/Argazki Press

Berria -

2018ko otsailak 21

Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du Bizkaiko Auzitegiak Kutxabank auzian ezarritako zigorrak, eta, horrez gain, Mario Fernandez Kutxabank-eko presidente ohiari sozietate elkarteak eta komertzializatzeko inhabilitazioa jarri dio. Halaber, Fernandezek, Mikel Cabiecesek eta Rafael Alkortak aurkeztutako helegite denak baztertu egin ditu.

Bizkaiko Probintzia Auzitegiko 6. atalak iazko martxoan eman zuen epaia: seina hilabeteko kartzela zigorra eta 4.500 euroko osuna Fernandezentzat eta Alkorta abokatuarentzat, bere garaian Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari ohi Cabiecesi modu irregularrean ordaintzeagatik 243.592 euro; "dirua bidegabe erabiltzea" egotzi zien. Bizkaiko Auzitegiak Cabiecesi urtebeteko kondena ezarri zion iaz, eta 9.000 euroko zigorra. Joan den urteko otsailean izan zen epaiketa, Bilbon.

2012ko hasieran, Cabiecesek Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren ardura utzi eta gutxira, bi alderditako "goi mailako politikariek" telefonoz deitu zioten Mario Fernandez Kutxabankeko orduko presidenteari, eta Cabiecesentzat "lan irteera bat" bilatzeko eskatu zioten. Baina Kutxabankek Cabieces zuzenean kontratatzeari egoki iritzi ez eta Rafael Alkorta abokatuaren bulegora jo zuten. Kutxabankentzat aholkularitza lanak egiten zituen Alkortaren bulegoak. Cabieces hasi zen hilero Alkortaren bulegotik diru sariak kobratzen, eta bulegoak horren fakturak igortzen zizkion Kutxabanki, Cabiecesek bankuarentzat egindako lanak balira bezala.

Fernandezek "erabateko errespetua" agertu dio Gorenaren epaiari, baina ez da batere ados azaldu bere helegiteak ez aintzat hartzeagatik. Sententziaren berri izan ostean, dimisioa aurkeztu du Repsoleko kontseilari gisa —2011tik zegoen karguan—. Repsolek haren "kategoria profesionala eta pertsonala" laudatu ditu.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna