Emaitzak

Laboral Kutxak 121,4 milioi euroko irabazia lortu du, %9,1 gehiago

Enpresei emandako maileguek %12,5 egin dute gora, eta hipoteka maileguek %10,2. Berankortasun tasa %5,09koa da, sektorearen batez bestekoa baino nabarmen txikiagoa (%7,8).

Xabier Egibar eta Joseba Madariaga Laboral Kutxako zuzendaritzako kideak.
Xabier Egibar eta Joseba Madariaga Laboral Kutxako zuzendaritzako kideak. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Xabier Martin -

2018ko otsailak 21

Laboral Kutxak emaitza onak lortu ditu 2017. urtean. Ekonomia globalaren adierazle nagusiek "bizkortze bidea" hartu dutela esan du kreditu kooperatinak, eta  "aldeko testuinguru horretan" %9,1 hobetu dituela mozkinak aurreko urtarekin alderatuta. Hain zuen, 121,4 miloi euroko irabazi garbia lortu du.

Ekonomiaren bilakaera ona izan arren, "marjinen murrizketa nabarmena da oraindik finantza negozioan", Laboral Kutxak azaldu duenez; "apala" da errentagarritasuna. Baina entitatearen errentagarritasunak hobera egin du, eta %7,53ko mailara iritsi da baliabide propioei dagokienez.

Merkataritza jardueraren "dinamismo handiagoak" oinarrizkoa izan da Laboral Kutxaren emaitza onak azaltzeko. Horiek horrela, kredituen formalizaio gastuek %2,5 egin dute behera, maileguak asko hazi diren arren. Negozioa handitzearekin batera, "arriskuaren gestio egokia" egin duela dio entitate finantzarioak, eta, ondorioz, berankortasun ratioa apala dela (%5 inguru). Era berean, euskal kreditu kooperatibak eutsi egin die likidezia mailei (LTD %78) eta aspaldian sendoa den kaudimenari (CET1 %18,14).

Merkatuko interes tasek zeron jarraitzen dutela gogoratu du, eta balio negatiboetara ere iritsi direla. Egoera horren ondorioz, interesen marjinak murrizten jarraitzen duela dio; "izan ere, erakundeen arteko lehiak beherantz bultzatzen du aktibo marjina, eta, aldi berean, ez da bideragarria gordailuen ordainsariak egungo mailatik behera gutxitzea". Bada, Laboral Kutxak 247,3 milioiko interes marjina lortu du testuingurtu horretan, aurreko ekitaldian baino %8,8 txikiagoa. Banku negozioak aurrera jarraitzen duela dio, eta erakundeen jarduna "jada ez dagoela bideratuta haztera eta balantzea zabaltzera bakarrik". Kooperatibaren emaitzetan eragin handia izan dute, batez ere, inbertsio funtsek, aurreikuspen planek, aseguruek eta ordainbideak merkaturatuz lortutako emaitzek. Gainera, finantza eragiketek "bilakaera ona" izan dute. Horren guztiaren emaitza 172,74 milioikoa izan da, eta entitatearen marjina gordina urtetik urtera %1,6 haztea ahalbidetu du, eta 420 milioi eurokoa izatea.

Bestalde, gastuen atala murriztu du aurten ere Laboral Kutxak. Ustiapen kostuei eutsita, %2,5eko aurrezpena lortu du 2016ko datuekin alderatuta. Amortizazioak (18 milioi) eta hornidurak (35,4 milioi) kendu ondoren, zerga aurreko emaitza gordin bateratua (EBITDA) 134,2 milioi eurokoa izan da. Labora Kutxaren emaitza garbia %9 hobetu da, horren bestez; 121,4 milioi eurokoa izan da.

Aurrezkiari dagokionez, baliabideak 21.014 milioi eurokoak izan dira 2017aren amaieran, eta ekitaldiko hamabi hilabeteetan %5 egin dute gora. Berankortasun atalean esan behar da kreditu zorroaren kalitatea hobetzea lortu duela: zalantzazko aktiboek %13,83 egin dute behera. Ondorioz, zalantzazkotzat jotako eragiketen eta kreditu inbertsioaren saldoaren arteko erlazioak beherako joerari eutsi dio, eta %5,09an kokatu da. Sektorearen batez bestekoa % 7,85ekoa da.

Maileguak

Kreditu inbertsioa 13.312 milioi eurokoa izan da joan den abenduaren 31n, 2016ko abenduan baino % 1 txikiagoa. Joera aldaketa "nabaria da", eta kreditu berrien formalizazioak hazkunde esanguratsua izan du 2017an. Bezeroen segmentu guztietan egin du gora finantzaketa eskaerak. Familien esparruan, etxebizitza erosteko emandako hipoteka kredituaren bolumena% 10,2 hazi da. Kontsumorako kredituak ere erritmo biziari eutsi dio. Kreditu pertsonalen zorroaren saldoa 2016ko abendukoa baino %7,7 handiagoa izan da, bolumena %4,3 hazi eta gero. 

Merkataritzaren alorrean ziklo aldaketa dagoela garbi dago Laboral Kutxarentzat, "batez ere tamaina handieneko enpresetan". Kreditu inbertsioa %2,3 hazi da enpresen arloan, enpresa txiki eta ertainek eta handiek eskatutako formalizazio berriek bultzatuta, ekitaldiko bolumena %12,5 hazi da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna