Ekonomia

Emakundek gogoratu du "berdintasunik eza" betikotzen duela soldata arrakalak

Bihar da emakume eta gizonen arteko soldata berdintasunaren eguna. Emakundek gogoratu du soldata diferentzia 7.500 euro ingurukoa dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Emakume batzuk lanean, bulego batean. /
Emakume batzuk lanean, bulego batean. / Marisol Ramirez/Argazki Press

Irune Lasa -

2018ko otsailak 21

"Soldata diskriminazioa da gaur egun emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasuna eragin eta betikotzen duen faktoreetako bat", salatu du Emakundek, soldata berdintasunaren egunaren bezperan. Datuak argiak dira Emakunderentzat: "Emakumeen eta gizonen arteko soldata diferentzia 7.551 eurokoa da EAEn". Sektoreka ere "diferentzia handienak zerbitzuen sektorean" daudela nabarmendu du, "hain justu, emakume gehien duen sektorean".

Baina datuak argiak izanagatik ere, Emakunderen aburuz, "iritzi publikoak zailtasunak izaten ditu diskriminazio hori eragiten duten faktoreak zehazteko". Horren ondorioz, gizarteak gaiaz duen kontzientzia "ez da arazoaren larritasunaren neurri berekoa".

Diskriminazioa dakarten faktoren artean, "lan munduan gertatzen den zereginen banaketa" nabarmendu du Emakundek. "Lanpostuen bereizketa bertikal eta horizontalak zenbait lanpostu zehatzetara bideratzen du emakumea eta lidergo postuetara heltzea eragozten dio. Bereizketa horren ondorioz, emakumeak ugarien diren hainbat lanpostu daude, eta ordainsaria eskasagoa izaten da horietan".

Era berean, laneko eta familiako eginbeharrak orekatu behar izateak bereizketa hor indartzen duela uste du Emakundek, horrek gizonarekin berdintasunez lehiatzea galarazten diolako eta askotan emakumeek, oreka horren bila, malgutasun handiagoko lanpostuak aukeratzen dituztelako. "Ondorioz, lanaldi partzialeko lanpostuetan emakumeak nagusi dira mundu osoan". 

Emakundek azaldu duenez, diskriminazioa ez da soilik modu inplizituan etortzen, kontratu, iraupen edo okupazio motaren arabera; modu agerikoagoan gertatu ere geratzen da; "kontratu mota, iraupen eta okupazio bera izan arren, aldeak antzematen dira emakumeek eta gizonezkoek jasotako soldaten artean".

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna