Noiz sortua: 2018-02-22 16:55:49

Gizartea

Milaka erretiratu atera dira kalera, "pentsio duinen alde"

Espainiako Gobernuak pentsioei beste behin ere %0,25eko igoera minimoa aplikatu izana salatu dute goizean Bilbon eta Donostian egindako manifestazioetan.

Bizkaiko pentsiodunen plataformek deituta, manifestazioa egin ute milaka pentsiodunek Bilbon. /
Bizkaiko pentsiodunen plataformek deituta, manifestazioa egin ute milaka pentsiodunek Bilbon. / Marisol Ramirez/Argazki Press

Berria -

2018ko otsailak 22

Pentsiodunen plataformak deituta manifestazioak egin dituzte Bilbon eta Donostian, eta mobilizazio jendetsuak izan dira bi hiriburuetan. Gasteizen eta Iruñean, berriz, arratsaldean egingo dituzte manifestazioak. Gasteizen, Artiumetik abiatuko dira, 19:00etan hasita. Iruñean, berriz, Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren parean elkartuko dira, 19:30etan.

Bilboko manifestazioa eguerdian ateratzekoa zen manifestazioa udaletxetik, baina milaka ziren ordurako han zeuden lagunak, eta ia ordu erdi beranduago abiatu dute bidea. Pentsio publiko duinak. %025a ez zuen pankartaren atzean abiatu dira Espainiako Gobernuak Bilbon duen delegaziora. Kostata egin du aurrera manifestazio buruak. Ordurako, milaka ziren manifestazioaren bidean zain zeuden pentsionistak. Antolatzaileen arabera, 25.000 pertsona bildu dira Bilboko kaleetan.

Herrietatik ere hiriburuetarako bidea hartu dute hainbat erretiratuk, gaurko antolatutako manifestazioetan parte hartzeko. Izan ere, haserre daude, Espainiako Gobernuak %0,25eko gutxieneko igoera besterik ez baitie aplikatu aurten ere. Plaza Biribileraino egin dute bidea, eta ibilbide osoan joan zaie jendea batzen.  "Lapurrak eta ustelak erakundeetatik kanpo", "pentsionistak aurrera" eta "ez da dirua falta, lapurrak daude soberan" leloak errepikatu dituzte Moyua Plazarako bidean.

Moyua plazan bukatu da manifestazioa eta, bertan irakurritako agirian gogor egin dute Espainiako Gobernuaren kontra. Bizkaiko pentsionisten plataformek egindako adierazpen bateratuan, salatu dute "lapurreta" dela, eta askok hilaren amaierara iristeko arazoak dituztela azpimarratu dute. "Hemen gaude gure nazka eta nekea adierazteko. Adarra jotzen digute, eta irainduak sentitzen gara pentsioak %0,25 igoko dituztela esaten digutenean".

Fatima Bañez ministroari ere zuzendu dira "Gezurretan dabil esaten digunean, pentsioak bere horretan mantendu daitezen ezin dituztela gehiago igo". Salatu dute, Espainiako Gobernuak aspaldi abiatu zuela pentsio publikoen aurkako erasoa, eta erreforma horiekin "azken kolpea" eman nahi diotela pentsio sistemari. "Kendu mozorroa eta onartu ezazue behingoz, zuen asmoa segurtasun soziala eta pentsioak pribatizatzea dela". Manifestazioa bukatzeko, Espainiako Lan ministroak bidalitako gutunak bueltatu dituzte Espainiako Gobernuaren delegazioan. Antolatzaileek deia luzatu diete gerturatutakoei, astelehenero udaletxeen aurrean egiten dituzten elkarretaratzeetan parte hartzeko.

Pentsiodunen eskariekin bat egin dute zenbait ordezkari politikok. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak erabakitzeko eskubidearekin lotu du pentsio duinen eskaria. Pentsioak nork kudeatzen dituen erabakitzeko aukera galdegin du Otegik: "Gizarte Segurantzaren eltzeitsua ostu dutenak ala geuk".

Ernai gazte erakundea belaunaldien arteko elkarlanaren alde agertu da, pentsio publiko duinak bermatze aldera. Gazteen etorkizuna orain borrokatu behar dela ohartarazi du.

Bilbon, bezala, Donostian ere milaka lagun elkartu dira manifestazioan; 5.000, antolatzaileen esanetan. Agijupens Gipuzkoako Pentsiodun eta Erretiratuen elkarteak deituta, Amarako autobus geltoki zaharretik Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren egoitzara arteko bidea egin dute, Pio XII plaza inguratuz. Gobernu espainiarraren ordezkariari haien eskariak biltzen dituen eskutitza eman diote elkarteko ordezkariek.

Manifestazioaren burua helmugara iritsi denean, jende multzoaren atzealdea geltoki zaharrean zen oraindik.

Pentsiodunen elkarteak haserrea adierazi du pentsioen %0,25eko igoerarengatik, eta hauteskundeetan pentsioen "aurka" egiten duten politikariak zigortzera deitu du. "Pentsio gehiago, ustelkeria gutxiago", "hemen bizi hemen erabaki" eta "murrizketarik ez" oihukatu dute manifestariek. Gutxieneko pentsio duin bat ere galdegin dute: 1.080 eurokoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna