Europa Liga

Athletic final-zortzirenetarako sailkatu da, eta Realak amaitu du Europako ibilbidea

Athleticek Spartak Moskuren kontra galdu duen arren (1-2), txuri-gorriei nahikoa izan zaie joaneko errenta. Realak, ordea, 2-1 galdu du Salzburgon, eta ez da kanporaketari buelta emateko gai izan.

Xabier Etxeita Athleticeko atzelaria berak sartu duen gola ospatzen, Spartak Moskuren kontrako itzuliko partidan. /
Xabier Etxeita Athleticeko atzelaria berak sartu duen gola ospatzen, Spartak Moskuren kontrako itzuliko partidan. / Miguel Toña/EFE

Gorka Berasategi Otamendi -

2018ko otsailak 23

Athleticek ez du partida liruragarria egin, baina lortu du Moskuko joaneko partidan eskuratutako aldea baleko bihurtzea. Moskun, 1-3 nagusitu zitzaion Spartaki, eta gaur 1-2 galdu du talde errusiarraren kontra. Horrenbestez, gainditu egin du kanporaketa. Bihar jakingo du final-zortzirenetan zein aurkari izango duen.

Realak, berriz, agur esan behar izan dio Europako ibilbideari, Salzburgoren kontra 2-1 galduta. Ez zuen partida erraza. Joanekoan, Anoetan, bina berdindu ostean, irabaztera behartuta zegoen, ia. Gaurko partidan ez du erakutsi talde austriarra baino gehiago denik.

Bi goleko errenta zuen Athleticek, baina sufrituta egin du azkenean aurrera. Luiz Adiranok presioa sartu dio talde txuri-gorriari lehen zatia amaitzear zela, Spartak 0-1 aurretik jarrita. Bigarren zatian errusiarrek 0-2koa lortuz gero, urduri izango ziren lehoiak. Baina ez da hala izan. Etxeitak partida berdindu baitu bigarren zatiko 12. minutuan. Saborit ezker hegaletik iritsi da errusiarren zelaiko atzeko lerroraino, eta erdiraketa egin du atzerantz. Etxeitak buruz bidali du baloia sarera.

Etxeitaren golak bi gol sartzera behartu ditu Sapartakekoak, kanporaketa berdindu ahal izateko. Melgarejok lortu du 1-2koa egitea 84. minutuan, eta Athleticekoek majo sufritu dute epaileak partida amaitu artean. Azkenean, 1-2koarekin, final-zortzirenetan da Athletic.

Xabier Etxeitaren esanetan, "garrantzitsuena" taldeak aurrera egin duela da. "Bagenekien ez zela erraza izango. Emaitza ona lortu genuen, baina jakitun ginen zer nolako kalitatea duten; Errusiako ligako txapeldunak dira", adierazi du. Etxeitak aitortu du errusiarren lehen golak urduri jarri duela taldea, baina bigarren zatian ongi aritu direla deritzo.

Realak partida hasi eta minutu gutxira izan du neurketa bere alde jartzeko aukera. 7. minutuan, Zurutuzak ezkerretik eginiko erdiraketa errematatu du Oiartzabalek buruz, eta langa jo du aurrelariak. Salzburgoren erantzuna mingarria izan da. Hiru minutura gola egin baitu Dabburrek, austriarrek izan duten lehen aukeran. Aldeko izan zitekeena laztu egin zaio orduan Realari.

Hala ere, lehen zatian markagailua berdintzea lortu dute txuri-urdinek. Canalesek ateratako korner batean buruz egin du gola Raul Navasek, 28. minutuan, eta kanporaketa gainditzeko gol bakarrera zegoen Reala.

Bigarren zatian, Salzburgorenak izan dira aukerarik garbienak. Eusebiok Bautista atera du Agirretxeren ordez 71. minutuan, aurrean indarrak berritze aldera. Partidaren bila joateko unean, kolpea jaso du Realak. Epaileak bigarren txartel horia atera dio Raul Navasi, eta taldea hamar jokalarirekin gelditu da. Berehala iritsi da Salzburgoren bigarrena, Rullik Hwangi egin dion penalti argi baten ondorioz. Berishak ez du hutsik egin eta penaltiarekin aurretik jarri du bere taldea, eta Rullik min hartuta utzi du zelaia.

Realak gol bat behar zuen kanporaketa berdintzeko, baina ez du halakorik lortu. Horrenbestez, Salzburgon amaitu da Realaren aurtengo Europa Liga.

Eusebio Sacristan entrenatzaileak Salzburgo zoriondu du, eta "gauzak oso ongi" egin dituela ziurtatu du. Batez ere bigarren zatian Reala baino gehiago izan dela adierazi du. Realari minutu gutxitan zailtasun handiak pilatu zaizkiola ere nabarmendu du. "Lehenengo Navasen kaleratzea, ondoren bigarren gola egin duten penaltia, Rulliren lesioa... Asko zaildu digu".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna