Politika

Jatorri ezberdinetako biktimen ahotsak batu ditu Foro Sozialak, Gasteizen

Foro Sozialak Entzunaz bizikidetza eraiki izeneko jardunaldia egin du gaur goizean, Gasteizen, Europa jauregian. Maite Berrocal, Pepe Moulia, Candi Gomez, Encarni Blanco, Blanca Roncal eta Rafa Isasi Arabako biktimek euren lekukotzak utzi dituzte. Horiek ez ezik, IRAren indarkeriaren biktima Alan McBridek ere parte hartu du.

Jatorri ezberdinetako Arabako sei biktima bildu dira gaur Gasteizen.
Jatorri ezberdinetako Arabako sei biktima bildu dira gaur Gasteizen. Foro Soziala

Edurne Begiristain -

2018ko otsailak 24

Foro Sozialak askotariko indarkeriak sufritu dituzten Arabako sei biktimaren ahotsak bildu ditu gaur, Gasteizen. Adiskidetze soziala eraikitzeko eta biktimen auzia "lubakien jarreretatik" ateratzeko saioa izan da gaurkoa, Foro Sozialeko arduradun Aizpea Leizaolak nabarmendu duenez. "Gure gizarteak eskatzen duen beharrezko adiskidetze sozialaren bidean, erabat beharrezkoak dira erreparazio adierazpen guztiak", esan du. Duela bi urteko azaroan Nafarroako Parlamentuan egin zuten saioa oinarri hartuta, indarkeria mota desberdinetako biktimak bildu eta beraien arteko elkarrizketa sustatzeko marko berri bat sortzeko asmoz egin dute topaketa.

Parte hartu duten biktima guztiak bat etorri dira gogoeta batean: beharrezkoa dela biktima guztiak entzutea, denek sufritu dutelako. Pepe Moulia kartzela funtzionario ohiak, esaterako, ezinbestekotzat jo du alde guztien arteko elkarrizketa sustatzea, eta iraganari begiratu beharrean, etorkizunari so egitea. Hark kontatu du kartzeletako funtzionario gehienak presoen urrunketaren aurka daudela, eta politika hori amaitzeko exijitu behar zaiola Espainiako Gobernuari.

Torturatuen ikuspegitik mintzatu dira Encarni Blanco eta Rafa Isasi. Blanco 1992an atxilotu zuen Guardia Zibilak, eta torturatua izan zen. Aitortu du zauria irekia duela oraindik eta hitz egiteak "min" egiten diola, baina ezinbestekoa dela barruak hustea eta biktima guztien arteko "zubiak eraikitzea". Halaber, torturatuak biktima gisa aitortzeko eskatu du, bakea eta bizikidetza eraikitzeko. Isasik, berriz, salatu du torturatuak "ahaztuta" egon direla eta beharrezkoa dela aitortuak izatea adiskidetzea lortzeko.

Bestalde, urteetan bizkartzainekin bizi behar izateak eragin dien samina kontatu dute Maite Berrocal eta Blanca Roncal politikari sozialistek. Biek ala biek azaldu dute mehatxupean bizitzeak askatasuna kendu ziela, eta haien familiei sufrimendu itzela eragin ziela.

Arabako biktimekin batera, Alan McBride IRAren biktima eta biktimei babesa emateko sortutako Wave Trauma Center taldeko kideak eta Kristian Herbolzheimer Conciliation Resources fundazioko kideak ere parte hartu dute gaurko saioan. Herbolzheimerrek ondorio argia atera du gaurko saiotik: "Bakea eraikitzeko, ahots guztiak entzun behar dira".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna