Katalunia

Protesta artean hartu dute Espainiako erregea Katalunian

Liskarrak izan dira mossoen eta manifestarien artean, eta hemeretzi lagun artatu behar izan dituzte. ANCk kalera irteteko deia egin du martxoaren 11rako, "gobernu zilegiaren alde".

Manifestariak, mossoak aurrean dituztela Bartzelonan, atzo. MARTA PEREZ, EFE
arantxa elizegi egilegor
2018ko otsailaren 26a
12:22
Entzun

Igande mugitua izan da Bartzelonan igaro berri dena. Movile World Congress delakoaren hasiera ekitaldira joatekoa zen Espainiako erregea, eta haren aurkako protestek milaka lagun irtenarazi zituzten kalera arratsaldean.

Kongresua gaur hasi da, baina bart gauean izan da ekitaldi instituzionala, eta bertan zen Felipe Borboikoa ere. Mahai berean eserita eta aurrez aurre zeuden Roger Torrent parlamentuko presidentea eta Ada Colau Bartzelonako alkatea. Bi agintariek uko egin zioten Borboikoari harrera ofiziala egiteari.

Kalean ez zuen harrera hobea jaso estatuburuak, ez eta harekin batera joandako Espainiako Gobernuko presidenteorde Soraya Saenz de Santamariak ere. Errepublikaren Defentsarako Komiteek deituta, kazola jotzea egin zuten milaka lagunek.

Manifestariek salatu dutenez, mossoek indarrez erantzun zuten une batzuetan, eta, ondorioz, gutxienez hemeretzi pertsona artatu behar izan dituzte. Pertsona bat atxilotu ere egin zuten, segurtasun indarrei aurre egitea egotzita.

Gobernua osatzeko deia

Martxoaren 17an egingo du Kataluniako Batzar Nazionalak zuzendaritza berritzeko biltzarra. Aurretik, ordea, iragarri du lanean jarraituko duela "gobernu zilegiaren alde". Helburu horrekin eta ERC eta Junts Per Catalunya estu hartzeko asmoz, manifestazio baterako deia egin du, martxoaren 11rako.

Plataformak "tamalgarritzat" jo du bi hilabeteko negoziazioek oraindik emaitzarik eman ez izana. "Martxoaren 11n kalera irtengo gara gure helburuak defendatzeko, gobernu zilegia berreskurazeko eta Errepublikaren oinarriak ezartzeko", adierazu du Agusti Alcoberro presidenteordeak.

Horretaz gain, baraualdia antolatu dute preso politikoen alde. Bihar aurkeztuko dute ekinaldia, Bartzelonan egingo duten agerraldi batean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.