Gizartea

Gasteizko eskoletan "segregazio" egoera "finkatu" egin dela salatu dute

Ikasturte honetan, guraso migratzaile atzerritarren seme-alaben %92 sare publikoan matrikulatuta daude, Haur eta Lehen Hezkuntzan. Hemeretzi ikastetxe publikotan, ikasleen %30 baino gehiago atzerrian jaioak dira.

Gasteizko Eskola Publikoaren aldeko Plataformaren protesta, Angel Ganivet eskolaren kanpoaldean
Gasteizko Eskola Publikoaren aldeko Plataformaren protesta, Angel Ganivet eskolaren kanpoaldean Juanan Ruiz

Jon Rejado -

2018ko otsailak 26

Bi urte dira Gasteizko Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataforma sortu zenetik. Sorreran salatu zuten migratzaileen seme-alabak eta gizarte egoera ahuleko familietakoak eskola publikoan matrikulatuta zeudela, nagusiki. Bada, bi urtean egoera konpondu beharrean "finkatu eta enkistatu" egin dela hausnartu dute.

2017-2018ko ikasturteko matrikulazio datuen arabera, Gasteizen atzerriko herritartasuna duten 2.980 haur daude matrikulatuta Haur eta Lehen Hezkuntzan: horietatik 2.754 sare publikoan daude, eta 226, itunpeko sarean. Zortzi eskola publikotan, ikasleen erdiak baino gehiago jaio dira atzerrian. Itunpeko sarean, berriz, ikastetxe bakar batean dira %10 baino gehiago.

Gasteizko Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak “segregazio” hori salatu du. “Familia pobreetako haurrak bakarrik beste familia pobreetako haurrekin erlazionatzera kondenatzen dituen gizarte bat eraikitzen ari gara”. Eskolak gizarte kohesioa sustatzeko tresna izatera itzuli behar duela gaineratu du.

Horretarako, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio onartzeko “arazo larria” dagoela, eta konponbidea jar diezaiola “segituan”. Egun HHn eta LHn gertatzen den egoera DBHra eta Batxilergora pasatuko dela ohartarazi dute. Halaber, “egitasmo elitista eta diskriminatzaileen” finantzaketa publikoa amai dadin galdegin diote.

Gogorarazi dute Gasteizko ikastetxe guztiek finantzaketa publikoa dutela; hots, ez dago ikastetxe pribaturik. Beraz, diru publikoa jasotzen duten heinean, plataformaren iritziz administrazioak eskatu behar die ikastetxeei “dagokien gizarte erantzukizuna” bete dezatela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna