Musika

Kontzertu sorta egingo du Tosta Bandak Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Eskozia, Gales, Galizia, Frisia, Irlanda, Kornualles eta Euskal Herriko kideez osaturik dago taldea, eta hizkuntza gutxituen inguruko egitasmoa da. Lehen diskoa aurkeztuko du.

2018ko otsailaren 27a
15:20
Entzun

Tosta Banda kultura hizkuntza gutxituetako hiztunez osatutako musika taldea da, eta haien jatorrizko musika tradizioen instrumentu, erritmo, kantu eta estiloak uztartzea erabaki dute, aniztasunaren balioa bistaratzeko. Kide guztiak ibilbide ezaguneko musikariak dira haien herrialdeetan. Haien artean dira Oreka TXko Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartan, eta Mixel Ducau musika zuzendari gisa.

Iazko abenduan kaleratu zuten Tosta Banda CD taldearen lehen diskoa, eta apiril amaieran lana aurkezteko kontzertu bana eskainiko dute Hego Euskal Herriko hiriburuetan: apirilaren 26an, Gasteizko Principal antzokian; 27an, Iruñeko Gaiarre antzokian; 28an, Donostiako Kursaalean, eta, 29an, Bilboko Arriaga antzokian.

Kultura eta hizkuntza gutxituak oinarri hartuta, aniztasunaren eta indarrak batzearen aldeko jarrera agertu du musika taldeak, izen aukeraketatik hasita. Azaldu dutenez, tosta hitzak ontziaren bankada esan nahi du, eta Europako Atlantikoko kostaldeko hizkuntza gutxitu askotan aurki daiteke. Hizkuntza gutxituetako hiztunek elkarlanean aritzearen abantaila nabarmendu dute, kultura txikiek ere etorkizuna izan dezaten. Taldearen aurkezpen kantak dioen moduan, "...jakin bai baitakite txikiak izanik ere, elkarrekin sumendia garela!".

Iaz sortu zen proiektua, eta hainbat kontzertu eskaini zituen taldeak Irlandan, Kornuallesen, Galizian, Frisian, Galesen eta Eskozian. Euskal Herrian ere jo zuten, Errenteriako (Gipuzkoa) Atlantikaldia jaialdian.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.