elurtea nafarroan

Billabesari bultza eginez

Elurraren eragina nabarmena izan da Nafarroako errepideetan eta garraio publikoan, baina soilik hamahiru ikastetxek utzi dituzte eskolak bertan behera. [YouTube]https://youtu.be/A9ZnL2LdxX4[/YouTube]

jon ordonez garmendia
2018ko otsailaren 28a
16:02
Entzun

Elurteak bete-betean harrapatu du Nafarroa ere, eta goizean goizetik izan dute herritarrek haren eragina. Hainbat errepide itxi dituzte goizean, eta Nafarroako Gobernuak errepidera ez ateratzeko gomendatu du. Behin eguerdia pasatuta, ordea, errepide sare nagusia ireki da eta normaltasunera hasi da itzultzen trafikoa. Bigarren mailako errepide sarean soilik daude errepide batzuk itxita.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi du eskura dituen baliabide guztiak jarri dituela elurteari aurre egiteko. Manu Aierdi presidenteordeak jakinarazi du 126 makina aritu direla elurra kentzen, furgonetekin batera, eta guztira 314 pertsona aritu direla zeregin horretan.

 

Hala eta guztiz ere, errepide nagusiak itxi egin behar izan dituzte ibilgailu astunentzat gaur goizean. A-15 errepidea itxita egon da. Zenbait lekutan pilatu den elurragatik geratu da itxita, baina beste batzuetan bidean gurutzatuta geratu diren ibilgailuengatik. Irurtzundik Gipuzkoaraino kamioiek debekatuta izan dute bidera ateratzea, eta Irurtzundik Marcillaraino ibilgailu astunek izan dute debekatuta ibiltzea.

Etzegarate ere itxita egon da ibilgailu guztientat Gipuzkoara joateko norabidean, eta Sakanako autobidetik aritu dira trafikoa bideratzen. N-121-A errepidea kamioientzat itxita egon da, Ezkabako tuneletik Gipuzkoaraino. Gauza bera gertatu da AP-68an, Espainiaranzko bidean.

Arazoak Iruñerrian garraio publikoan

Goizean goiz Iruñe inguruan auto ilarak sortu dira. Billabesek arazoak izan dituzte ibiltzeko. Goizak aurrera egin ahala ohiko martxan hartzen hasi dira, baina atzerapenekin. Goizeko irudi bitxietako bat Burlata eta Iruñe artean ikusi da, Belosoko aldapan. Atarrabia edo Uharte Barañainekin lotzen dituen autobusetako bat elur gehiago zuen bidean sartu da. Billabesan zihoazen hainbat bidaiari autobusetik jaitsi dira, eta bultza egin dute autobusa beste bidera eramaten laguntzeko.

Renferen tren zerbitzua ere atzerapenekin dabil. Zaragoza-Castejon-Logroño/Iruñea trenbidean elurra eta izotza dago, eta, Renferen arabera, 40 eta 80 minutu arteko atzerapenarekin ari dira ematen zerbitzua. Iruñe eta Bartzelona arteko trenak bi ordu eta erdiko atzerapena darama.

Maria Solana Hezkuntza kontseilariak jakinarazi du soilik hamahiru ikastetxek utzi dituztela eskolak bertan behera: Arroitz, Erro, Deikaztelu, Jauntsarats, Abartzuza, Sartaguda, Erriberri, Zugarramurdi, Larraga, Oteitza, Obanos eta Iruñeko Mendillorri eskola. Itxiera, ordea, ez da orokorra izan; Hezkuntza Departamentuak esan du ikastetxe gehienak irekita daudela. Modu horretan, gezurtatu egin du gaur goizean sare sozialetan ikastetxeak itxita zeudela esanez zabaldu den gezurra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.