Emaitzak

Euskaltelek 49,6 milioi euro irabazi ditu

2016an baino %20 apalagoak dira mozkinak, Asturiasko Telecable konpainiaren erosketa dela eta. Faes Farmak eta Azkoyenek ere irabazi handiak lortu dituzte.

Euskalteleko zuzendaritza, iazko akziodunen batzarrean. MIGUEL TOÑA / EFE
xabier martin
2018ko otsailaren 28a
16:33
Entzun

Euskaltelek espero zuen mozkinek behera egingo zutela 2017. urteko esplotazio emaitzetan, Telecableren erosketa ez baitzen gauerdiko ahuntzaren eztula izan: 686 milioi euro. Baina euskal konpainiak mozkinekin jarraitzen du, sendo. 49,6 milioi euroren irabazi garbiak %20ko jaitsiera islatzen du, baina negozioa nabarmen handitu da, 622,2 milioi eurora arte (%8,6 gehiago).

Fakturazioa ez da hobetzen den aldagai bakarra. CNMV merkatu arautzaileari igorritako informazioaren arabera, Euskaltelek %49 igo du sarrerekiko marjina, 35 puntu alegia. EBITDAk ere gora egin du, 306 milioi euroko kopurura arte, %9,4 gehiago.

Emaitza horiek mahai gainean daudela, konpainia laranjak jakinarazi du 0,278 euro banatuko duela akzioko. Dibidendu horrek akziodunen batzarraren oniritzia beharko du aurretik.

Etxe partikularretako zerbitzuen negozioak %11,5 egin du gora 2017an, eta enpresetakoak, %2,4. Euskaltelek dio urteko azken hiruhilekoak utzi dituela emaitza onenak, eta eboluzio positibo hori segida izaten ari dela 2018. urtean. Sortaren estrategiak emaitza onak ematen dizkiola esplikatu du komunikazio konpainiak. Produktu bat ez, hiru edo lau batera eskaintzen ditu, eta horrek datu argigarri bat utzi du: Euskaltelen bezeroen %68k sorta bat kontratatu dute, ez produktu bakar bat.

Sakelako lineak, telebista eta banda zabala

Horiek horrela, sakelako 151.000 telefono linea berri saldu ditu Euskaltelek 2017. urtean, %20 gehiago. Telebista ordainduko atalean 124.000 kontratu berri egin ditu, %45,5 gehiago, eta banda zabaleko beste 94.000 kontratu egin ditu, %23,8 gehiago.

Datozen urteetan hedatze prozesuak ez duela etenik izango azaldu du Alberto Garcia Erauzkin presidente duen konpainiak. Euskal Herrian, Nafarroan zabaltzen jarraituko du, eta Espainian, berriz, Leonen, Kantabrian eta Errioxan hedatuko da batik bat. Nafarroako hedatzea laguntzeko, Osasuna futbol taldearekin babes kontratua egin berri du, denboraldia amaitu artean futbolarien elastikoan bere marka azaldu dadin.

Faes Farmak ere gora mozkinetan

Faes Farmak ere bere emaitzak plazaratu ditu gaur, eta botika alorreko talde horrek inoizko irabazi handiena lortu du: 42 milioi euro, 2016an baino %15 gehiago. Gehienez, %6,5eko gorakada aurreikusi zuen enpresak, baina kalkulu baikorrena ere gainditu du 2017ko urteak. 57,5 milioi euroko zifra erakusten du EBITDAk, %7,6 gehiago, eta salmentekiko marjina %21era heldu da. 282,2 milioi euroren salmentak egin ditu Bizkaiko konpainiak, aurreko urtean baino %19 gehiago.

Azkoyen ere, hazkundean

Azkoyen Nafarroako multinazionalak ere gorakada garrantzitsua lortu du mozkinetan. 2017an, 12,8 milioi euro irabazi ditu, %15,3 gehiago. 135 milioiren salmentak egin ditu, aurreko urtearen pare. 2013an hasitako goranzko joerari eutsi dio, finean. Ordainketa elektronikoaren atalak izan du hazkunde handiena (%12). Azkoyenek salmenten %83 Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo egin ditu. Haien %77,5 Europako Batasunean lortu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.