Katalunia

Independentzia deklarazioa berresteko eskatuko du CUPek parlamentuan

Parlamentuko Mahaiak onartu du koalizio antikapitalistaren proposamena osteguneko osoko bilkurarako gai zerrendan sartzea. Bestalde, JxCren eta ERCren akordioaren agiria banatu die militanteei CUPek, eta haren edukien berri zabaldu dute hedabideek.

Kataluniako Parlamentuko Mahaia, gaur goizean bilduta. MARTA PEREZ, EFE
Mikel Rodriguez - Mikel P. Ansa
2018ko otsailaren 28a
16:32
Entzun

Kataluniako presidentea izendatzeko inbestidura saioa bertan behera gelditu eta ia hilabete bat pasatu denean, indar subiranisten arteko negoziazioak bukatzear daudela dirudi. Carles Puigdemontek bart Bruselan adierazi zuen "gertu" dagoela, eta CUPek militantziari banatu dion agiri bat filtratu dute Kataluniako hedabideek; indar subiranistek hitzartu duten akordioa, alegia.

Ostegun goizean hitzordu garrantzitsua dute Kataluniako alderdiek, parlamentuak osoko bilkura bat eginen baitu. Junts Per Catalunyak eta ERCk proposamen bat aurkeztu dute Puigdemont presidente legitimoa dela bozkatzeko, eta CUPek proposamen horren zuzenketa gisa aurkeztu du beste testu bat, iazko urriaren 27an parlamentuak egin zuen independentzia deklarazioa berresteko.

Carles Riera CUPeko diputatuak erran du ez dutela bozkatuko Puigdemont presidente legitimo izendatzeko proposamenaren alde. "Autonomia berreskuratu eta Puigdemonten legitmitatea berrestea bertzerik ez dute nahi. Baina badakigu ez dutela hura izendatzeko asmorik". Urrunago joan da Riera: "Parlamentura ez gara etorri autonomia egitera, baizik eta Errepublika egitera". Osteguneko saioan alderdi guztiak posizionatzera behartuko ditu CUPen testuak.

Artur Mas presidente ohiak dagoeneko erantzun dio eskari hori, TV3en egin dioten elkarrizketan, asteazken honetan bertan: "Utz ditzagun jarrera diskurtsibo eta estetiko batzuk behingoz". Katalunia estatu independente bihurtzeko behar den adina indar ez dutela, eta estrategia egokitu egin behar dela defenditu du Masek, prozesuari eutsiz, baina baldintzetara egokituz; "baldintzak direnak dira", esan du.

"Bruselako Eremu Askea" egituratzen

Eztabaidaren erdian, Kataluniako hainbat hedabidek filtratu dute ustez JxCren eta ERCren artean hitzartu duten testua. CUPi aurkeztu zioten asteartean, eta hark bere kideei bidali die —larunbatean bilduko du Kontseilu Politikoa CUPek, testu horri buruz jarrera bat hartzeko—. Filtratutakoaren arabera jakin ahal izan da JxCren eta ERCren asmoa dela Puigdemont "Bruselako Eremu Askearen" presidente izendatzea; hau da, erbesteko gobernuaren buruzagi. Heldu den astelehenean eginen lukete horretarako ekitaldia. Handik bi egunera, berriz, parlamentuak Jordi Sanchez JxCren zerrendako bigarrena Generalitateko presidente izendatuko luke —behin-behinean espetxean dute Sanchez—.

Espainiako Gobernuak aurreko egunetan ere aurreratua zuen ez duela asmorik Jordi Sanchez Generalitateko presidente izendatzen uzteko. Gaur Xavier Garcia Albiol Kataluniako PPren buruak esan du, independentistek Sanchez inbestitzen badute, 155. artikuluaren ezarpenak "intentsitate handiagoa" hartuko duela.

Dokumentu horren arabera, erbesteko gobernuak hiru sail edukiko ditu: Errepublikako ordezkarien Biltzarra, Errepublikaren Kontseilua eta Errepublikaren Kontseiluko presidentzia. Erakunde horien helburua izanen da "Errepublika gauzatzeko politika zehatzak eta beharrezko kontsentsuak sustatzea". Biltzar horretan diputatuek, udalgintzako ordezkariek eta gizarte zibileko kideek parte hartuko lukete. Kontseiluak, berriz, zortzi kide izango lituzke: Puigdemont bera, JxCk proposatutako hiru pertsona, ERCk proposatutako beste hiru, eta CUPek izendatutako beste bat.

Puigdemontek adierazi du prest dagoela bere "agintaldia bukatzeko", baina zehaztu du hori erabaki dezakeen "aginte bakarra" Kataluniako Parlamentua dela. "Erabakiari itxarongo diot".

Bruselako Eremu Askea deitu duten horrez gain, Bartzelonan egongo litzateke beste gobernua, "legalitate autonomikoaren eta obedientzia errepublikanoaren" arteko orekan, testuak berak dioen hitzetan. 155aren aurka egin eta Kataluniako instituzioak berregitea, arazoa nazioartekotzea eta errepresioaren aurkako "frontea" egitea lirateke haren zereginak, bai eta "prosperitate" politkak eta gizarte haustura saihesteko politikak garatzea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.