Lan merkatua

Europako Batasunak akordioa egin du lekuz aldatutako langileen inguruan

Europako Parlamentua, Kontseilua eta Batzordea ados dira aldi baterako atzerrira doazen beharginen lan baldintzen inguruko zuzentaraua aldatzeko. Marianne Thyssen Enplegu komisarioak akordiorako oinarriaren berri emango du gaur.

Marianne Thyssen komisarioa, artxiboko argazki batean. JENNIFER JACQUEMART / EFE
xabier martin
2018ko martxoaren 1a
13:13
Entzun

Europako Batasuneko estatukide bateko enpresa batek bere behargin bat aldi baterako beste estatu batera bidaltzen duenean lanera, ez dio zertan joandako herrialde horretako gutxieneko soldata baino gehiago ordaindu; izan ere, Europako Batasunean alor hori 1996tik arautzen duen zuzentarauak ez du behartzen hori baino gehiago egitera. Horrek desberdintasunak eragiten ditu bertako langileen eta atzerrikoen artean, lakuz aldatutakoek ez dituztelako sarritan bertakoen osagarriak eta bestelako onurak jasotzen.

Bada, egoera horri muga jarriko dio luze gabe Europako Batasunak, Europako Parlamentuko, Kontseiluko eta Batzordeko negoziatzaileek formula berri bat adostu dutelako; akordiorako oinarri hori lege bihurtzeko bidean jarriko dutela esan dute goizaldean, eta Marianne Thyssen Enplegu komisarioak adostutakoaren berri emango du.

Edonola ere, erreformaren helburua da enpresek lekuz aldatzen dituzten langileak bertakoen lan baldintzen arabera aritzea, ez soilik jaso dituen herrialdean ezarrita dagoen gutxieneko soldata kobratuta. Ekialdeko langileekin gertatzen da sarritan hori, Europako mendabaldeko herrialdeetara joaten direnean. Baina Euskal Herrian ere ezaguna da arazoa; esaterako, eraikuntzan gertatzen da Portugalgo langileekin.

Europako Batasunak 2016ko martxoan proposatu zuen 1996ko araua erreformatzea, estatukide desberdinetako langileen baldintzak gerturatzeko eskuz esku aritzen direnean herrialde batean. Baina erreforma hori ezinezkoa izan da gaur arte, hainbat estatukide legea ukitzearen aurka egon direlako, besteak beste, Espainia, Portugal, Errumania, Hungaria, Txekia, Polonia eta Bulgaria. Beste aldean daude atzerriko langile gehien jasotzen dutenak: Frantzia, Alemania, Italia eta Herbehereak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.