BERDINTASUNA

Emakumeen ahalduntzea sustatuko du Nafarroako Gobernuak, 'Egizu' kanpainaren bidez

Lehen aldiz, M-8ko deialdiarekin lotutako sentsibilizazio kanpaina egin du gobernuak.

Ion Orzaiz.
2018ko martxoaren 1a
13:13
Entzun

Egizu. Lelo hori abiapuntutzat hartuta, kanpaina instituzionala ondu du Nafarroako Gobernuak, Berdintasun Institutuaren bidez, "emakumeen ahalduntzea eta berdintasuna" sustatzeko. Emakumeen Nazioarteko Egunaren karira eginiko egitasmoa da. "Gizartea sentsibilizatu nahi dugu emakumeen eskubideen, parte hartze osoaren eta ahalduntzearen inguruan", azaldu du institutuko zuzendari Mertxe Leranozek.

Euskarri anitzeko kanpaina izanen da. Idatzizko hedabideetan, webguneetan eta autobus geltokietan iragarkiak txertatzeaz gainera, hiru spot argitaratuko dituzte ikus-entzunezko hedabideetan nahiz zinema aretoetan. Ikastetxe, osasun etxe eta bestelako zentro publikoetan ere banatuko dituzte.

[Youtube]https://youtu.be/5oGbkmKA7OY[/Youtube]

"Balio sozialen eraldatzea bilatzen dugu, erreferentzia eredu estereotipatuak gaindituz", esan du Leranozek. Horregatik, deia egin diete pertsona guztiei "nork bere esparruan berdintasunaren alde egin dezakeen guztia egin dezan". Emakumeen arteko laguntza sareen garrantzia ere azpimarratu du Berdintasun Institutuko buruak.

M-8rako deialdiak

Bestalde, Euskal Herriko mugimendu feministak iragarri ditu jada martxoaren 8rako deialdiak. 12:00etan elkarretaratzeak eginen dituzte herrietan, eta arratsaldean, berriz, hiriburuetan eginen dira manifestazio nagusiak: 18:30etan abiatuko da Baionako protesta, Herriko Etxetik; Hego Euskal Herriko hiriburuetan, berriz, 20:00etan egin dute hitzordua. Bilbon, Jesusen Bihotzetik; Gasteizen, San Anton plazatik; Donostian, Bulebarretik; eta Iruñean, Gazteluko plazatik.

Nafarroako Berdintasun Institutuak bat egin du deialdiarekin eta M-8ko aldarrikapenekin: "Bat gatoz greba deialdiaren helburuekin, feminismoaren aldarrikapen historikoak diren heinean, eta orain guri dagokiguna da mugimendu feministari sostengua adieraztea eta daukaten protagonismoa aitortzea. Eta niri, institutuko zuzendaria naizen heinean, grebarako eskubidea bermatzea, nahi duen orok lanuztearekin bat egin dezan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.