Altsasuko auzia

Espejel epailea ez dute Altsasuko auzitik baztertu, Guardia Zibilarekin "lotura" izan arren

Espainiako Auzitegi Nazionalak ebatzi du eskaera hori lehenago egin behar zutela auzipetuek. Epailearen inpartzialtasuna ezbaian jarri dute defentsek. Apirilaren 16tik 27ra bitartean egingo dute ahozko epaiketa.

Auziaren berri emateko abiatutako Altsasu Martxan izeneko bira, joan den astean, Otsagabian. /
Auziaren berri emateko abiatutako Altsasu Martxan izeneko bira, joan den astean, Otsagabian. / Jagoba Manterola/Argazki Press

Jokin Sagarzazu -

2018ko martxoak 2

Concepcion Espejel magistratuak jarraituko du Altsasuko gazteen auzian. Bera da 2017ko ekainetik lehen sekzioko presidentea, eta hainbat erabaki hartu ditu ordutik. Sekzio horren eskuetan dago sumarioa eta horko epaimahai batek epaituko ditu gazteak, Espejel hiru epaileetako bat izanik. Otsailaren 13an jakinarazi zuten epaimahaia.

Eta horixe argudiatu du Auzitegi Nazionaleko Zigor Salak, Espejel auzitik kanporatzeko zortzi gazteen defentsek eginiko eskaeraren aurrean. Alegia, lehenago galdegin behar zutela hori. Salaren arabera, defentsek argudiatu dute otsailean jakin zutela Espejel parte hartzen ari zela erabakietan eta epaimahaiko kideetako bat izango zela, baina hori ez dela horrela erantzun die: gauza jakina zela 2017ko ekainetik sekzioko presidente izendatu zutela, eta sekzio horren erabakietan parte hartzen ari zela.

Defentsek Espejel auzitik eta epaiketatik baztertzeko eskaera atzo (martxoak 1) egin zuten; azpimarratu dute Guardia Zibileko koronel batekin ezkonduta dagoela epailea, eta, beraz, "agerikoa" dela "lotura psikologiko edo afektibo sendoak" dituela haren bikotekidea kide den erakundearekin. Bestetik, gogoratu dute Guardia Zibilaren Meritu Ordenaren domina eman ziola Espainiako Barne Ministerioak Espejeli.

Hala, bi guardia zibilen eta haien bikoteen aurkako eraso bat denez epaitu beharrekoa, abokatuek uste dute "lotura" horiek urra dezaketeela auzipetuak "epaile inpartzial" bat izateko duten eskubidea.

Gainera, gogoratu dute Fiskaltzak bere akusazio idatzian esaten duela "Guardia Zibilarekiko gorroto sentimendu batek" bultzatuta jardun zutela gazteek, eta horien asmoa zela "guardia zibilen, horien senideen eta lagunen bizi kalitatean modu negatiboan eragitea". "Terrorismo delituak" leporatu dizkie zortzi gazteei eta 50na urteko espetxealdia eskatu du seirentzat, 62 urtekoa beste batentzat, eta hamabi urtekoa beste batentzat.

Zigor Salak ez du "lotura" horiei buruzko baloraziorik egin, eta argudiatu du magistratua auzitik baztertzeko eskaera lehenago egitea eskatzen duela legeak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna