Reala-Alaves

Realak 2-1 irabazi dio Alavesi derbian

Reala 2-0 aurreratu da 11. minuturako. Alavesek aldeak murriztu ditu eta berdintzeko zorian egon da lehen zatia amaitzerako. Bigarren zatian, berriz, jokoa kontrolpean izan du Realak.

Realeko jokalariak Asier Illarramendiren gola ospatzen, Alavesen kontrako derban. JUAN HERRERO, EFE
2018ko martxoaren 4a
20:25
Entzun

Aldeko jarri du neurketa Realak partida hasi eta berehala. Bi aukera izan ditu lehen minutuetan, eta bi gol sartu ditu. Lehenengoa, 6. minutuan sartu du Hector Morenok, korner batean. Bigarrena, Illarramendik egin du 11. minutuan. Alavesek baloia atzetik ateratzerakoan huts egin du, Bautistak baloia eskuratu, atera jaurti eta Pachecok gelditzea lortu duen arren, aldaratzea baliatu du Illarramendik Realaren bigarrena egiteko.

Realak aukera gehiago ere izan ditu hurrengo minutuetan. Erabat nagusitu da jokoan eta hirugarrena egiteko moduan izan da.

Alaves pixkanaka suspertzen hasi da, ordea, eta izan duen lehen aukeran aldea murriztea lortu du. Martinek eskui hegaletik erdiratu du bigarren zutoinera, eta han agertu da Pedraza, erremate on batekin baloia sareetara bidaltzeko.

Lehen zatia amaitzear zela, Sobrinok partida berdindu du ia. Abiaduran gainditu du Llorente eta Moya aurrez-aurrekora irten denean, baloia altxa dio. Jaurtiketa langara joan zaio Alaveseko aurrelariari.

Bigarren zatian, Reala izan da baloiaren jabe, eta kontrolpean izan du jokoa. Alaves ez da gol aukera garbirik sortzeko gai izan. Realak, berriz, gertu izan du hirugarrena. Zurutuzak buruz errematatu du De la Bellak ezker hegaletik eginiko erdiraketa on bat, 62. minutuan, baina kanpora joan zaio.

Partidaren azken minutuetan gol aukerak izan William Josek eta Zurutuzak ere, baina ez dute Pachecoren atea zulatzerik lortu.

Alaves saiatu da Realak utzi dituen hutsuneak baliatzen, kontraerasoan arriskua sortzeko. Ez du, ordea, gol aukera argirik izan bigarren zati osoan.

Azkenean, Reala 2-1 gailendu zaio Alavesi.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.