Martxoak 8

Gehiengo sindikalak errekurtsoa jarri die Jaurlaritzak etziko ezarritako gutxieneko zerbitzuei

Eusko Jaurlaritzak greba feministaren egunerako ezarri dituen gutxieneko zerbitzuak neurriz gaindikoak direla salatu dute ELA, LAB, Steilas, EHNE-Bizkaia eta Hiru sindikatuek.

Sindikatuetako ordezkariak, greba feministako lanuzte deialdia erregistratu aurretik. /
Sindikatuetako ordezkariak, greba feministako lanuzte deialdia erregistratu aurretik. / Marisol Ramirez/Argazki Press

Berria -

2018ko martxoak 6

Martxoaren 8ko greba feministarako ezarriko dituen gutxieneko zerbitzuen berri eman du Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietarako Sailak, eta grebarako deialdia babestu duten sindikatuek salatu egin dute erabakia, bermatuko den zerbitzua neurriz gaindikoa dela iritzita.

Lanuztera deitu duten sindikatuek helegitea aurkeztu dute Jaurlaritzaren erabakiaren kontra. Adierazi dutenez, Jaurlaritzak ezarri dituen gutxieneko zerbitzu mailak "grebara atera nahi duten emakumeen eskubidea" urratzen du.

Sindikatuek ohar bidez ohartarazi dutenez, "adingabeen egoitzetan, heziketa zentroetan eta etxebizitza komunitarioetan jaiegunetako gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte, asteburuan aste barruan baino langile gehiago daudenean. Honek praktikan esan nahi du egoitza horietan langile bakar batek ere ezin izango duela grebarik egin".

Sindikatuen iritziz, bereziki larria da adinekoen egoitzetan ezarriko den gutxieneko zerbitzua. Orain arteko grebetan zerbitzuaren %50 ziurtatu den arren, Martxoaren 8an zerbitzuaren %70 bermatzea erabaki du Jaurlaritzak.

Horrez gain, haur eskoletan zuzendari taldeko kide bat eta koordinatzaile bat derrigorrean lanean aritzea agindu du Jaurlaritzak. Sindikatuek nabarmendu dutenez, baina, haur eskoletan ez dago zuzendaritzako langilerik. "Kolektibo horien greba eskubidea guztiz urratzen du. Kolektibo horiek nagusiki emakumeek osatzen dituztela kontuan hartuta, emakumeen greba eskubidearen kontrako eraso zuzena dela uste dugu".

Jaurlaritzaren jarrerak ez ditu sindikatuak harritu, Martxoaren 8rako Jaurlaritzak egin duen "apustua guztiz azalekoa izan delako". Hala ere, "bidegabea" deritzo erabakiari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna