Musika

Ruper Ordorika omenduko dute hamaika musikarik Bilbon

Martxoaren 14an omenaldi kontzertua antolatu dute Loraldia jaialdiak eta Izar&Star zikloak elkarlanean. Besteak beste, Ken Zazpi, Petti, Balerdi Balerdi, Ixiar Oreja, Bernardo Atxaga eta Fermin Etxegoien izango dira saioan.

Ruper Ordorika musikaria. LUIS JUAREGIALTZO/ARGAZKI PRESS
Inigo Astiz
2018ko martxoaren 6a
16:52
Entzun

"Ruper Ordorika eztabaidaezina da, eta Loraldiarekin elkarlanean egitea zen hura omentzeko testuingururik egokiena". Zortzi urte daramatza Javier Corral Jerryk Izar&Star kontzertu zikloa antolatzen, eta ia ezinbestekotzat aurkeztu du Ordorikaren omenaldia. Loraldia jaialdiarekin elkarlanean antolatu dute ekitaldia, eta Dabilen harriari so, azukre koxkorrak Ruper Ordorikarentzat izendatu dute. Martxoaren 14an izango da kontzertua Bilboko Kafe Antzokian. Hamaika musikari igoko dira oholtzara, eta Ordorikaren abestien bertsioak joko dituzte guztiek. Bertan izango dira, besteak beste, Ken Zazpi, Petti, Balerdi Balerdi, Ixiar Oreja, Mikel Uraken eta Miren Narbaiza musikariak, eta haiekin batera Bernardo Atxaga eta Fermin Etxegoien idazleak ere izango dira beren ekarpenekin gidari lanak egiten.

15 edo 16 abesti eskainiko dituzte emanaldian taldeek, eta, hortaz, bi edo hiru kanta eskainiko ditu haietako bakoitzak. Ez dute argitu nahi izan nork zer joko duen, ordea. Ez dela abestirik errepikatuko soilik, eta Ordorikaren kanta ezagunenekin batera normalean zuzenekoetan entzuten ez diren batzuk ere eskainiko dituztela. "Edozein kasutan ere, bikaina da kartela", laburbildu du Izar&Star zikloko antzolatzaileak.

Belaunaldi erreleboa

Ardura aipatu du Mikel Uraken musikariak. "Ordorika totem bat da", esan du. Zehaztu duenez, gainera, bera izango da emanaldian parte hartuko duen sortzaile gazteenetariko bat, Miren Narbaizarekin batera, eta "belaunaldi errelebo" baten ikur izan daiteke hori, bere hitzetan. Abesti ezezagun xamarrak hautatu ditu berak, eta gitarrarekin soilik arituko da. Aurreratu duenez, bere esparrura eramango du Ordorika. Eta antzera gainontzeko taldeak ere.

Loraldiak Bilbon martxan dauden kultur programekin elkarlana bilatzen duela zehaztu du Aitor Narbaiza jaialdiko produkzio arduradunak, eta lankidetza horren emaitza da Izar&Star proiektuarekin batera antolatutako kontzertua. "Erreferente bat dira", onartu du Narbaizak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.