Mundua geldituko dugu, mundua mugitzeko!

Saioa Iraola Urkiola eta Uzuri Aboitiz Hidalgo, Bilgune Feministako kideak
2018ko martxoaren 6a
16:51
Entzun

Aldaketaren arotzat jo dute hainbat jakintza esparruetako ikerlariek zein mugimendu sozialek XXI. mendea. Azken urteotan eraldaketa ugari jazo dira hainbat eremutan: elikagai eta kontsumo ohituretan, enpleguan, bizikidetza eta bakegintzan, iruditegi sozial eta kulturalean, bizi ereduetan, komunikazio moduetan... Horrez gain, gertatu dira bai kapitalismoaren ziklo baten amaiera, baita XX. mendeko instituzio zaharren gainbehera ere, hain zuzen ere, ongizate estatuarena eta nola ez, patriarkatuak forma eta adierazteko modu berriak ditu gaur egun, eta, batik bat, larria da feminismoa asimilatu eta edukiz husteko egiten ari den ahalegina. Agerikoa da mundua aldatzen ari dela. Hori horrela izanik, feministok etengabe ari gara itsasontzia hondoratu ez dadin, lehorreratzeko ahaleginean; estrategia berritzaileak sortuta eta proposatuta.

Fantasia kapitalista pitzatzen ari da. Aurrerabidearen, berdintasunaren eta ongizatearen promesarekin limurtu nahi gintuen kapitalismo batetik, gutxi batzuentzako lekua besterik ez dagoela argi eta garbi aitortzen duen kapitalismo batera igarotzen ari gara. Sinestarazi nahi ziguten proiektu kapitalistaren baitan posible zirela oinarrizko eskubide politiko eta ekonomikoak izatea, zein sexu identitate eta jendarte demokratikoarekiko errespetua. Baina neoliberalismoaren sedukzio maskarak agerian gelditzen ari dira. Horren adibide dira: proiektu estraktibistak, errefuxiatuen aurkako ofentsiba, feminizidioak, ekintzaileen aurkako jazarpenak... Mahai gainean dugun proiektu neoliberal kapitalista gero eta autoritariogoa, kontserbadoreagoa eta arrazistagoa da, eta horrek, batez ere, honako bi ondorio nagusi dakartza: batetik, bizitza eta kapitalaren arteko gatazka areagotzea – bizitzaren merkantilizazioa, botere trasnazionalaren kontzentrazioa, ondare komunen pribatizazioa, bioekonomien hedapena...- eta bestetik, herritarren eskubideak deuseztatuz –batez ere emakumeonak- interes kapitalistak defendatzen dituen botere instituzionala gailentzea.

Hamar urte igaro dira kapitalismoaren krisiak eztanda egin zuenetik, eta dagoeneko ez dugu krisi hitzik ahotan, bizi baldintzen okertze orokortua normalizatzen ari baikara. Baina erreprodukzio sozialaren krisia erroturik dugu gurean. Alde batetik, bizitzaren prekarizarioa orokortzen eta larritzen ari da. Egoera honetan bizitzen sostengua eta zaintza emakumeok egiten dugun lan ikusezinaren esku geratu da. Bestetik bazterketa prozesuen areagotzea bizi dugu. Jada gatazka ez da  "dutenen" eta "ez dutenen" artean ematen. Egungo bazterketa prozesuak jatorria, sexua, arraza eta beste hainbat zutabetan oinarritzen da. Eta hori gutxi balitz, egoera horiek legitimatzen ditugu maiz, norbanakoon arrakasta eta porrot modura, eta ez, berriz, prozesu kolektibo gisa.

Baina mugimendu feministak etengabe gaurkotu ditu jendartean erroturik dagoen sistema kapitalista patriarkalaren baitako bereizkeriei aurre egiteko teoriak eta estrategiak, baina, batez ere, bi ekarpen azpimarratuko genituzke: bata, feminismoak  sistema sozioekonomikoari aurre egiteko duen ikuspegi integrala litzateke. Aski badakigu, ekonomia ez dela soilik enplegua edo arlo produktiboa deitu zaion hori. Eta bestea, produkzioaren alorrean zein  erreprodukzioarenean dauden desberdintasunak ezin direla askatu modu isolatuan.

Honenbeste, greba tresna bat da guretzat, ez helburu bat. Baina, zertarako? Bada, ekonomiaren ezkutuko dimentsioak bistarazteko, elkar ezagutzeko, enpatizatzeko, babesteko eta nola ez, saretzeko eta aliantzak egiteko. Hala, gure borrokak lan esparrua, politika, bizitza eta ekonomia zeharkatzen ditu eta hortaz, bizitzaren dimentsioa bere osotasunean barnebiltzen duen aldarrikapen irmoa izango da; bizi prekarietaren aurrean, ongi bizitzeko trantsizioa feminista hauspotzen jarraitzeko konpromisoa hartzeko aukera. Azken finean, eredu osoa aldatuko duten proposamen politikoekin aterako gara kalera.
 
Zentzu honetan burujabetzaren irakurketa erradikala egiten dugu, prozesu indibidual eta kolektibo gisa irudikatzen dugulako. Gure gorputzetatik herrira egin nahi dugu salto. Ezin dugu nazioa aldarrikatu gure bizitza alde batera utzita; eta alderantziz. Burujabe izatea gure gorputz eta harreman sexu-afektiboen jabe izateko, osasuntsu egoteko, bakea kolektiboki eraikitzeko, elikadura subiranoa izateko, energetikoki buruaskiak izateko, eskubide kultural eta linguistikoen jabe izateko, hezkuntza sistema propioa eta kalitatezkoa izateko, oinarrizko behar materialak asebetetzeko... baldintzak izatea da. Emakume, bollera, trans, migrante, gazte edo zahar gisa aske izatea da burujabetza feministontzat.

Horregatik guztiagatik, martxoaren 8an greba feminista egitera deitzen ditugu Euskal Herriko emakume* guztiak. Kapitalaren ofentsiba globalaren aurrean, askotarikook, hemen eta han elkartuta egingo dugu greba. Ez gara lehenak, ezta azkenak izango. Bejondeizuela atzokoei, gaurkoei eta biharkoei!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.