Katalunia

Sanchezen defentsak helegitea aurkeztu du Auzitegi Gorenean

Defentsa abokatuek Espainiako auzibidea agortu nahi dute Giza Eskubideen Europako Azitegira jo aurretik. JxC Llarenaren kontrako kereila aurkeztea aztertzen ari da, epaileak prebarikatu egin duela iritzita.

Jordi Sanchez, iazko urriaren 16an, Auzitegi Nazionalera bidean, espetxeratua izan aurretik. /
Jordi Sanchez, iazko urriaren 16an, Auzitegi Nazionalera bidean, espetxeratua izan aurretik. / Juan Carlos Hidalgo/EFE

Gorka Berasategi Otamendi -

2018ko martxoak 12

Gaur egitekoa zen Jordi Sanchez presidentegaiaren hautagaitza eztabaidatzeko saioa Kataluniako Parlamentuan, baina Roger Torrent parlamentuko presidenteak saioa atzeratzea erabaki zuen, joan den ostiralean Auzitegi Goreneko Pablo Llarena epaileak Sanchezi eztabaidan parte hartzeko aukera ukatu ziola eta.

Sanchezen abokatuek asteburuan iragarri zuten Giza Eskubideen Europako Auzitegira eramango zutela Llarenaren erabakia, auzitegiak kautelazko neurriak har ditzala eskatzeko, baina defentsak hasierako estrategia aldatu, eta Espainiako auzibidea agortzea erabaki du, Estrasburgora jo aurretik. Hala, helegitea aurkeztu du, gaur, Auzitegi Goreneko apelazio aretoan.

Bestalde, Josep Costa diputatuak jakitera eman duenez, JxC aztertzen ari da Llarena epailearen kontrako kereila bat aurkezteko aukera. JxCren iritziz, epaileari prebarikazio delitua leporatu diezaiokete, Sanchezi inbestidura saioan parte hartzeko aukera galarazteagatik.

Jordi Pina Sanchezen abokatuak helegitean jaso du hautagaiari inbestidura saioan parte hartzeko aukera ukatzeak "kalte larriak" eragiten dizkiela hainbat oinarrizko eskubideri, eta "ahuldu" egiten dituela "edozein sistema demokratikoren oinarriak".

Pinaren esanetan, Llarenaren erabakiak parte hartze politikorako eta kargu publikoetarako sarbide eskubideak urratzen ditu. Horrez gain, Kataluniaren autonomia politikorako eskubidea mugatzen duela ere nabarmendu du, parlamentuari babes handiena duen hautagaia presidente izendatzea galarazten baitio.

Llarenak "egokitasun politikoari buruzko iritziak" eman dituela ere salatu du defentsak elegitean. "Botere banaketa indarrean dagoen sistema batean, sekula ikusi gabekoa da epaitegi batek horren modu argian egitea parlamentu batek hautagai batzuk ala beste batzuk aukeratzearen egokitasun politikoari buruzko adierazpenak".

Sanchezen abokatuek erabakia "ahalik eta azkarren" hartzeko galdegin dio Auzitegi Goreneko apelazio aretoari. Hala ere, Sanchezen defentsak uste zuena baino gehiago atzeratu dezakete inbestidura saioa, Torrentek azaldu bezala, parlamentuaren bilkura Estrasburgok kautelzako neurria erabaki arte deitzen ez bada. Izan ere, Auzitegi Goreneko apelazio aretoak Sanchezi eztabaidan parte hartzeko aukera ukatzen badio, hark Auzitegi Konstituzionalera joko luke Estrasburgon helegitea aurkeztu aurretik. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak gehienez ere 48 orduren buruan erantzun beharko lioke eskariari. Urratutako eskubideari egindako kaltea oso larria eta itzulezina denean bakarrik onartu izan ditu Giza Eskubideen Europako Auzitegiak kautelazko neurriak. Aurkeztutako eskaeren %10etan baino gutxiagotan onartu izan ditu kautelazko neurriak auzitegi horrek.

Espainiako Gobernuak hautagai "bideragarri" bat aurkezteko galdegin dio Torrenti. Sanchezen hautagaitza epaileek indargabetu dutela argudiatu du Madrilek. Torrentek, ordea, erantzun du ez duela onartuko Kataluniako Gobernuko presidente nork izan behar duen epaile batek erabakitzea.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna