Gazteen kezkak izango dituzte hizpide Iparra Hegoa-ko mahai inguruetan

Hitzaldi-elkarrizketak egingo dituzte gaur eta bihar, Segurako kultur etxean, 19:00etan hasita. Asteburuan egingo dira topaketaren ekintza nagusiak.

Lekorneko ikastolako haurrak, Seguran. /
Lekorneko ikastolako haurrak, Seguran. / Berria TB

Berria -

2018ko martxoak 13

Euskal Herri osoko gazteen kezken gainean hausnartuko dute egunotan Iparra Hegoa topaketaren harira Seguran (Gipuzkoa) antolatu dituzten mahai inguruetan. Atzo eman zioten hasiera, eta saio bana izango da gaur eta bihar ere.

Atzokoan, Luli Telleria, Pello Jorajuia eta Unai Palenzuelak aztergai izan zuten gazteen kontzientzia politikoa, Beñat Hach Embarek moderatzailearen eskutik. Gaur, lanaren, etxebizitzaren, drogen, euskararen eta genero indarkeriaren gainean hausnartuko dute Aitor Servierrek, Endika Perezek eta Maider Galardik, Maddi Ane Txoperenak gidatuta. Bihar, berriz, gazte topaguneen gainean jardungo dira Ellande Alfaro, Argitxu Etxandi, Eñaut Arrrtxe eta Urko R. de Apodaka, Maite Idieder moderatzaile dutela.

Lekorneko ikastolako hamazazpi haur Seguran dira egunotan, eta herriko Laiotz eskolako haurrekin batera egingo dituzte hainbat jarduera hurrengo bi egunotan. Ostegunean, Baionako Etxepare lizeoko ikasleak joango dira Segurara. Larunbatera arteko egonaldia egingo dute. Ostegunean bertan, bertso poteoaz eta bertso afariaz gozatzeko aukera izango dute, Amets Arzallus eta Iker Zubeldia bertsolariekin.

Asteburuan egingo dira Iparra Hegoa topaketaren ekintza nagusiak. Besteak beste, mendi irteera, gazteen topaketa, dantzaldia eta ekitaldi instituzionala izango dira.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna