Bake prozesua

Armagabetzeari, biktimei eta presoei buruzko eztabaidak apirilean

Prozesua aurrera doala berretsi du Mixel Berhokoirigoinek, eta iragarri datozen aste eta hilabeteetan "mugimenduak" izango direla, baina horien berri armagabetzearen urteurrenaren bueltan emango dute.

Jean Rene Etxegarai, Mixel Berhokoirigoin eta Anaiz Funosas. IPARRALDEKO HITZA
Eneko Etxegarai Urain.
2018ko martxoaren 13a
16:46
Entzun

Apirilaren 8an beteko da urtebete ETAk bere armategia Frantziako Poliziaren esku utzi zuela. Horiek hala, eta urteurrena baliatuta, presoei, biktimei eta armagabetzeari buruzko foro bana antolatu du Bake Bideak asteburu horretarako.

Apirilaren 6an, biktimei buruz arituko dira Mixel Berhokoirigoin bakegilea, Jean Pierre Massias zuzenbide irakaslea, Errenteriako alkate Julen Mendoza eta Serge Portelli epailea. Presoak izango dituzte hizpide hurrengo egunetan Xantiana Cachenaut EPPK-ko abokatuak, Bake Bidean-eko kide Anaiz Funosasek, Elkargoko lehendakari Jean Rene Etxegaraik eta Jean Noel Etxeberri bakegileak. Hirugarren eta azken egunean armagabetzeaz arituko dira. Egun horretan Kolodobika Jauregik eginiko eskultura bat jarriko dute Baionan.

Bitartean, bake prozesua aurrera doala berretsi du Berhokoirigoinek, baina zehaztu du oraingoz ez dutela beste informaziorik emango: "Prozesua engaiatua da, segituko du, eta mugimendu gehiago izanen dira pixkanaka, baina ez dugu komunikatuko, egia bakarra errealitatea da". Gogora ekarri du, baita ere, Frantziako Justizia ministroarekin bilduz geroztik bost euskal preso gerturatu dituela Parisek.

Apirileko armagabetzearen aurretik izan zen beste ahaleginik ere. 2016ko abenduan, Frantziako Poliziak Txetx Etxeberri, Beatrice Molle-Haran, Stephane Etxegarai, Mixel Bergouignan eta Berhokoirigoin atxilotu zituen, ETAren armategiaren %15 indargabetzera zihoazela. Horrek, ordea, gero etorriko zena ahalbidetu zuen, eta baita Paris urratsak egitera behartu ere, Enekoitz Esnaola kazetariak Luhuso. ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna liburuan azaltzen duen moduan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.