Hezkuntza

Irakasleen %70 inguruk greba egin dute, sindikatuen arabera

Gasteizko manifestazioa batera egin duten arren, ELA, Steilas eta LAB ez dira batera heldu gaurko eta biharko greba deialdietara. Aurreneko biek Hezkuntza ez unibertsitario osoan egin dute protestarako deia, baina LABek irakasleak bakarrik deitu ditu.

Jon Rejado -

2018ko martxoak 14

Irakasleen %70 inguruk egin dute greba gaur, sindikatuen arabera. Bestelako datua eman du Eusko Jaurlaritzak. Haren arabera, irakasleen %44,75ek egin dute greba.

Hezkuntza publiko ez unibertsitarioan gaurko eta biharko egin dute grebarako deia. Aurretik ere egin dituzte mobilizazioak, eta Steilak, ELA eta LAB elkarrekin aritu dira orain arte, baina, oraingoan, LABek ez ditu mobilizazioetara deitu Haurreskoletako, garbiketako eta sukalde zerbitzuetako langileak, haien inguruko akordioa egin baitzuten joan den astean Jaurlaritzarekin.

Haurreskoletan %30 ingurukoa izan da grebaren jarraipena, eta ELAren arabera, %65ekoa Sukalde eta Garbiketan, %60koa Heziketa Berezian. Jaurlaritzaren arabera, berriz, %15,51koa izan da haurreskoletan, %18,29koa garbiketa eta sukaldeko zerbitzuetan; eta %24,45 heziketa berezian. Haurreskoletako datua batasun sindikala haustearen ondoriotzat jo du Steilasek.

Gasteizen ari dira manifestazioa egiten hiru sindikatuetako kideak. Legebiltzarrean abiatu dute manifestazioa, eta Eusko Jaurlaritzarako bidea hartu dute dute, Lakuara. "Gaixotzea ez da delitua" eta "Haurreskoletan, doakotasuna" oihukatu dituzte, besteak beste.

LABek "zoriondu" egin ditu irakasleak "erakutsitako konpromisoagatik". Azpimarratu du balio eta garrantzia handia dituela "borrokak", bere arabera, horri esker lortu dutelako "kolektibo batzuetan aurrerapausuak eman eta mahaiak desblokeatuz akordioetara iristea". Irakasleei dagokionean ere lanean gogor jarraituko duela azpimarratu du.

ELAk LABen jarrera salatu du hedabideetara bidalitako oharrean: "Azken hilabeteetan Jaurlaritzak greba eta mobilizazioa neutralizatu eta zapuzteko saiakera gogorra egin du, grebak eta egoerari buelta emateko aldarrikapena egiten dugunok kriminalizatuz edo negoziaketa itxura eman asmoz edukirik gabeko mahaiak deituz. Estrategia horrek sindikaturen baten babesa ere izan du". Hala ere, sindikatuaren arabera, argi gelditu da "langileen gehiengo zabalak" ez dituela ontzat jotzen akordio horiek. "LABek emandako pausoek langileen artean nahasmena sortu eta egoera zaildu duten arren, grebak oso jarraipen zabala izan du sektore guztietan". ELAk mobilizazioak eta grebak bultzatzen jarraituko duela azpimarratu du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna