Ekialde Hurbila

Erdoganek adierazi du Turkiak "ilunabarrerako" hartuko duela Afrin

SDF Siriako Indar Demokratikoek "iratzarrita dagoela ametsetan" aritzea leporatu diote Turkiako presidenteari. NBEren arabera, hiria ur korronterik gabe utzi dute inbaditzaileek.

Recep Tayyip Erdogan presidentea. /
Recep Tayyip Erdogan presidentea. / STR,EFE

Mikel Rodriguez -

2018ko martxoak 14

"Espero dut Afrin ilunabar honetarako eroriko dela erabat", adierazi du Recep Tayyip Erdoganek Ankaran egin duen bilkura batean. Ondoren, Hurriyet egunkariak adierazi duenez, presidentearen bulegoak zehaztu du Erdoganek erran nahi zuela espero duela Afrin ilunabar honetarako "erabat inguratuko" dutela. Hain zuzen, Turkiako Gobernuak atzo erran zuen hiria inguratuta zutela, eta YPG Herriaren Babes Unitateek —kurduen miliziek— ukatu egin zuten.

"Badirudi Turkiako presidentea iratzarrita dagoela ametsetan ari dela erraterakoan Afrin ilunabar honetan eroriko dela", adierazi die Redur Xelil SDFren atzerri harremanetarako arduradunak berri agentziei —YPG miliziak dira SDFren indar nagusia—.

Kurdistango Afrin barrutia Siriaren ipar-mendebaldean dago, eta Turkiarekin muga egiten du iparraldean eta mendebaldean. Turkiako armadak hainbat herrirekin batera kontrolpean dauzka barrutiko urtegi eta ur planta nagusiak, eta, OCHA Nazio Batuen Giza Laguntzarako Bulegoaren arabera, Afrin hiriari ura moztu dio. Gutxienez 350.000 herritar inguru daude barrutiko hiri nagusian.

Afrin barrutiarekin muga egiten duen Nubl hirian, berriz, Turkiako armadak bonbardaketa bat egin du Siriako Gobernuaren aldeko milizia baten kontra. Reuters agentziaren arabera, milizia horretako komandante batek erran du bortz miliziano hil direla aire erasoan, eta, horri erantzuteko, artilleriarekin eraso dietela Turkiako armadak iparralderago dagoen Marea hirian dauzkan posizioei. Joan den otsailean Siriako Gobernuak eta kurduen miliziek akordio bat egin zuten, Damaskoren aldeko indar irregularrek —estatuko indarren parte ez direnek— Turkiaren inbasioari aurre egin ziezaioten Afrinen.

Mehatxua Iraken dauden miliziei

Ankaran egin duen bilkuran, Erdoganek erran du "aurki" bertze operazio bat hasiko dutela Irak iparraldean dauden kurduen milizien aurka. Mevlut Çavusoglu Atzerri ministroak joan den astean adierazi zuen Irakeko Gobernuarekin batera hasiko zutela halako operazio bat. Turkiak maiz egin ohi ditu bonbardaketak Irak iparraldean eta Kurdistango Eskualde Autonomoan PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren posiziotzat jotako eremuen aurka.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna