Presoak

Bilbon presoen aldeko manifestaziora deitu dute, apirilaren 21erako

Kalera-Kalera ekimenak hainbat mobilizazio iragarri ditu, apirilaren 17etik 23ra, presoen eskubideen alde. Presoak kaleratzeko aldarria agenda politikoaren erdian jartzeko unea dela adierazi dute.

Kalera Kalerak mobilizazioak deitu ditu, presoen eskubideen alde
Kalera Kalerak mobilizazioak deitu ditu, presoen eskubideen alde IƱigo Uriz / Argazki Press

Ane Eslava -

2018ko martxoak 14

Kalera-Kalerak eta Sortuk jakinarazi dutenez, mobilizazio zikloa apirilaren 17an hasiko da, Preso Politikoen Nazioarteko Egunean. Egun horretan ekimen politikoa egingo dute, Galdakaon (Bizkaia). Presoen “izaera politikoa” aldarrikatuko dute eta “lehentasunezko” eskariak zehaztuko dituzte: presoak hurbiltzea, preso gaixoak kaleratzea, 70 urtetik gorakoak kaleratzea eta lehenengo gradua bertan behera uztea. Ondoren, apirilaren 18tik 20ra, ekimenak egingo dituzte, herriz herri; eta, amaitzeko, 21ean, manifestazio nazionala egingo dute, Bilbon, Bada garaia. Presoak kalera. Konponbidea, bakea eta askatasuna lelopean.

Miren Zabaleta Sortuko Nafarroako koordinatzaileak azaldu du manifestazio hori “mugarri” izan diren beste bi mobilizazioren ondorioz deitu dutela: abenduaren 9an Bakearen Artisauek Parisen deitu zutena, eta urtarrilaren 9an Sarek Bilbon deitu zuena. “Bi mugarri horien ostean, eta Xabierren heriotza oraindik gogoan, iritsi da presoak kaleratzeko aldarria agenda politikoaren erdian jartzeko momentua”.

Horrez gain, Zabaletak gogorarazi du elkarrizketa bide bat zehaztu dutela Ipar Euskal Herriko ordezkaritzaren eta Frantziako Justizia Ministerioko ordezkaritzaren artean, eta dagoeneko bost preso hurbildu dituztela Mont de Marsango espetxera. “Jakin badakigu ordezkaritza horien lana prozesu gradual bat izango dela, baina begi onez eta babes osoz ikusten dugu presoek bizi dituzten egoera guztiak konpontzeko egiten ari diren ahalegina”. Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagokionez, adierazi du gatazkaren ondorioei konponbidea bilatzeko “urrats mantso baino irmoak” ematen ari direla: “Nabarmentzekoa da astelehenean, UPNren eta PPren babesa kenduta, beste eragile politiko guztien adostasunez, Nafarroako Parlamentuan sakabanaketa eta lehen gradua salatzeko ebatzi duten ebazpena”.

Bestetik, Oihana Garmendia Kalera-Kalera ekimeneko kideak “ezinbestekotzat” jo du lehenengo gradua bertan behera uztea. Izan ere, hori da, haren hitzetan, lege arruntera igarotzeko oztopo nagusia. “Euskal Preso Politikoen Kolektiboak udan publiko egindako eztabaidaren ondorioetan irakur daiteke bere egin dutela lege arrunta erabiltzeko konpromisoa”, gogorarazi du. Horrez gain, esan du euskal preso askok errekurritu dutela lehen gradua, eta aurrerantzean eskaerak ugarituko direla.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna