'De Miguel auzia'

De Miguelek kontratu publiko batetik "baztertu" zuela salatu du Alberdik

Ainhoa Alberdi enpresariak adierazi du legez kanpoko komisioak ordaintzeari uko egin ziolako "baztertu" zuela Alfredo De Miguelek haren enpresa kontratu publiko batetik. EAJko ABBko kide ohiak kontratu publikoak banatzerakoan "aitajaun" gisa jarduten zuela ziurtatu du.

'De Miguel auziko' saioetako bat. /
'De Miguel auziko' saioetako bat. / Jaizki Fontaneda/Argazki Press

Gorka Berasategi Otamendi -

2018ko martxoak 14

Salaketa aurkezteko "bultzada" erabakigarria izan zen, Alberdiren esanetan. Bere enpresa kontratu publiko batetik baztertu zutela ohartu zenean erabaki zuen Alberdik ustezko ustelkeria sarea epaitegietara eramatea, epailearen aurrean gaur azaldu duenez.

Haren hitzetan, Alfredo De Miguelek —EAJko Araba Buru Batzarreko kidea eta Arabako aldundiko foru diputatua zen auziak ikergai duen garaian— "agindu" zuen kontratu hura Alberdiren enpresari ez esleitzea.

Enpresariak ziurtatu du De Miguelek aurretik galdegin zion legez kanpoko komisioa ordaintzeari uko egin izanagatik baztertu zuela bere enpresa foru diputatu ohiak. Alberdik ziurtatu du De Miguelek "aitajaun" gisa jarduten zuela kontratu publikoen esleipenak banatzerako orduan.

2009an salatu zuen Alberdik De Miguel buru lukeen ustezko ustelkeria sarea. Haren esanetan, De Miguelek eta EAJko ABBeko kide Aitor Teleriak 100.000 euroko legez kanpoko komisioa eskatu zioten, 2006ko abenduan Arabako Parke Teknologikoaren handitze proiekturako Urbanorma enpresak jaso zuen kontratu publikoaren truke.

Gaur, ordea, beste kontratu baten harira eman du lekukotza enpresariak. 2009ko abenduan, Arabako Parke Teknologikoak kontratu bat esleitu zion STOA enpresari, eta hark Alberdiren Alberdi-Vicinay enpresa zuen azpikontratatuta. Bigarren kontratu hori sinatzeko atzerapenekin kezkatuta, eta atzerapen horrek legez kanpoko komisioa ordaintzeari uko egin izanarekin zerikusia izan zezakeenaren susmoa zuelako, Alberdik grabatu egin zuen STOA enpresako buru Sergio Fernandez Oleagarekin izan zuen elkarrizketetako bat. Grabazio hori entzun dute auziko gaurko saioan. Hain zuzen, grabazio horrek frogatzen du, Alberdiren iritziz, Fernandez Oleagak "onartu" egin zuela Alberdiren enpresa kontratutik "baztertzeko" "agindu" ziola De Miguelek. STOAk Alberdiren enpresa ordezkatu zuen, azkenean, Lugarfive enresarengatik.

Alberdik ziurtatu duenez, Fernandez Oleagak ohartarazi zion ez zitzaiola lehiaketa publikoa berriz ere egin zedila behartzea komeni, De Miguelekin zituen "arazoak" medio, zaila izango zelako kontratua bere enpresari esleitzea. Fernandez Oleagak esandakotik ondorioztatu zuen ezin izango zuela aurrerantzean erakunde publikoen eskutik kontraturik jaso. Fernandez Oleagaren hitzak "beste bultzada bat" izan ziren salaketa aurkezteko, Alberdik azaldutakoaren arabera.

Arabako Parke Teknologikoaren kontratu horretarako STOAk egin zuen eskaintza ausartegia izan zela salatu du Alberdik. 343.000 euro inguruan egin zuen eskaintza STOAk (BEZa aparte), eta milioi bat euro inguruko eskaintzak izan zirela nabarmendu du Alberdik. Fernandez Oleagarekin 2008an aurreikusi zuen gastua azken kopuru horretatik gertuago zegoela adierazi du.

Fernandez Oleaga ere auziperatuta dago, eta fiskaltzak 12 urteko kartzela zigorra eskatu du harentzat, De Migueli kontratu publiko baten truke legez kanpoko komisioa ordaintzea leportatuta.

Fiskaltzak gogor kritikatu zuen De Miguelen jarduna, urtarrilean epailearen aurrean egin zuen hitzartzean. Josu Izagirre Arabako fiskal nagusiak ziurtatu zuen De Miguelek posta elektroniko ofizialetatik eta "inolako lotsarik gabe" eskatu zituela legez kanpoko komisioak.

Alberdi epailearen aurrean deklaratzen ari zen bitartean, Adi! ustelkeriaren kontrako elkarteak elkarretaratzea egin du Gasteizko Justizia Jauregiaren parean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna