Enpresak

'Start up' proiektuei laguntzeko bost milioiko funtsa eratu dute

Luzera begirako maileguak eskainiko dizkie enpresa hasiberriei, enplegu berria sortzeko konpromiso baten truke.

Pedro Azpiazu eta ArantxaTapia sailburuak, eta Josu Sanchez Elkargiko presidentea, Aurrera programaren aurkezpenean.
Pedro Azpiazu eta ArantxaTapia sailburuak, eta Josu Sanchez Elkargiko presidentea, Aurrera programaren aurkezpenean. Eusko Jaurlaritza / Irekia

Ivan Santamaria -

2018ko martxoak 15

Eusko Jaurlaritzak finantzatuko du Aurrera izeneko programa, Finantzen Euskal Institutuaren bidez. Elkargik eskaerak aztertuko ditu, eta haren bermea izan beharko dute. Gaur aurkeztu dute tresna berria BIC Bizkaian, Bizkaiko Parke Teknologikoan.

Gutxieneko mailegua 50.000 eurokoa izango da, eta gehienez ere 250.000 euro emango zaizkio proiektu bakoitzari. Enpresa hasiberriak izan beharko dute —gehienez ere hiru urteko antzinatasunarekin—, eta gutxienez hiru urtean hiru lanpostu berri sortzeko konpromisoa hartu beharko dute. Maileguaren interesa euriborra +%1,25 izango da, eta zazpi urte izango dituzte bueltatzeko, bi urte arteko gabealdi epe batekin.

Sustatzaileek gutxienez finantzaketa beharren %30 hartu beharko dute euren gain. Hortaz, funtsaren bidez 6,5 milioi euro bitarteko inbertsioa mugiaraziko litzateke, osorik erabiltzen bada. Diru horrekin aktibo finkoak —tresneria, informatika aplikazioak, bulegoak— nahiz kapital zirkulatzailea ordaindu ahalko dira.

Enpresentzako kredituak gora egin du azken aldian, baina horretan ere tamainak axola du. "Enpresa txikienek eta batez ere sortu berriek zailtasun handiak dituzte finantza merkatuan aurkitzeko beharrezkoak dituzten baliabideak, luzera begira euren proiektuak finkatu ahal izateko", azaldu du Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak, programa berriaren aurkezpenean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna