Hondakinak

Lehen aldiz zigortu dute erraustegi bat Frantzian, herritarrak "arriskuan" jartzeagatik

Parisko Auzitegi Korrekzionalak 250.000 euroko isuna ipini dio Melungo hiri elkargoari, Vaux-le-Pénilgo erraustegiak herritarrei egindako kalteengatik. Helegitea jarriko du hiri elkargoak.

Erraustegi baten tximinia. EFE
inaki petxarroman
2018ko martxoaren 15a
19:21
Entzun

"Erabaki historikoa izan da", adierazi zuten joan den martxoaren 6an Vaux-le-Pénilgo erraustegiaren aurkako prozedura penala aurrera eraman duten herritarren abokatuek, Pierre-Olivier Surek eta Corinne Lepagek, auzitegiaren epaia jaso berritan. "Lehen aldia da erraustegi baten disfuntzioengatik kalteak jasan dituzten biktimek erreparazioa lortu dutena", nabarmendu zuen Lepage Ingurumen ministro ohi eta abokatuak.

Parisko Auzitegi Korrekzionalak joan den astean eman zuen epaia: 250.000 euroko isuna ordaintzera behartu du hiri elkargoa, "besteak arriskuan ipini" eta "egokitzat jotzen ez zen instalazio bati" jarraitzeko baimena eman izanagatik. 15 urte baino gehiagoko prozedura izan da. 165 herritarrek salaketa jarri eta herri akusazio zibil moduan eratu ziren Melungo hiri elkargoaren aurka. Mency herrikoak ziren denak —Paris iparraldean— eta hain zuzen ere, euren herrian agerikoak ziren erraustegiaren kutsaduraren ondorioak. 2002an egindako ikerketetan dioxinak —legez ezarritakoa baino 2.200 aldiz gehiago— eta kutsatzaile organiko oso toxikoak antzeman zituzten. Egoera horren ondorioz, 2002ko ekainean itxiarazi zuten erraustegia agintariek. Ordurako, baina, osasun kaltea eragina zien hainbat herritarri. Dozena bat lagun hil dira minbiziak jota eta beste hainbestek borrokan jarraitzen dute gaixotasun horren aurka.

Auzitegiak, hiri elkargoari isun bat ordainarazteaz gain, herritarrei milaka euro ordaintzera behartu du, kalte-ordain moduan. Hain zuzen ere, Melungo elkargoak gaur jakinarazi du helegitea jarriko duela auzitegiaren erabaki horren aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.