Reala

Ziklo bat amaitutzat eman du Jokin Aperribaik

Imanol bigarren taldera itzuliko da datorren denboraldian. Realak oraingoz ez du erabakirik hartuko entrenatzaile eta kirol zuzendari berriaren izendapenari dagokionez.

Imanol Alguacil eta Jokin Aperribai.
Imanol Alguacil eta Jokin Aperribai. Gorka Rubio / Foku

Jon Ordoñez Garmendia -

2018ko martxoak 19

Realak arratsaldean aurkeztu du Imanol Alguacil lehen taldeko entrenatzaile berria. Bihar zuzenduko du bere lehen lan saioa Zubietan. Jokin Aperribai presidenteak argitu du denboraldia amaitu bitartean egongo dela lehen taldean eta ondoren bigarrenera itzuliko dela. Imanolek esan du eguneroko lanean jarriko duela berak arreta osoa, horri ematen diola garrantzia, eta geratzen diren bederatzi partidetan jokalariengandik onena ateratzea duela helburu.

Imanolen aurkezpena asteburuko gertaeren inguruan azalpenak emateko baliatu du presidenteak. Hala, azaldu du Loren kargutik kentzeko erabakia hartua zuela administrazio kontseiluak duela hilabete batetik, eta behin hori erabakita zintzo jokatu nahi izan dutela Lorenekin eta ez zuela merezi "sufritzea". Aperribaik dio taldearen emaitza txarrek ez dutela zerikusirik izan Loren kargutik kentzeko erabakia hartzerakoan. Besterik gabe, ziklo bati amaiera eman behar ote zitzaion ari zirela pentsatzen eta duela aste batzuetatik zutela hori buruan. Lorenek Getaferen kontrako partidaren ostean larunbat gauean aurkeztu zion dimisioa zuzendaritzari, eta atzo bildu ondoren onartu zuten. Anoetan larunbatean jasotako kritikek ez dutela erabakia baldintzatu azpimarratu du presidenteak.

Bistan geratu da ez dela lehendakariarentzat agerraldi erraza izan. Momentu batean adierazi du, zaleak kritika egiteko libre baldin badira ere, Loreni egin zaizkion kritikak ez direla bidezkoak izan. Atzora arte kirol zuzendari zenak gauza onak eta txarrak egin dituela adierazi du, harrobiarekin egindako lana goraipatu du. "Denborarekin bere lana hobeto baloratuko da", esan du une batean. Presidentea bera jomugan sentitzen ote den galdetuta, baina, horrelakorik ez zaiola iruditzen esan du, zaleen maitasuna sentitzen duela.

Zuzendaritzak ez du presarik izango kirol zuzendari berria izendatzeko, eta bai etxean baita kanpoan ere aukerak badaudela esan du. Roberto Olabez galdetuta adierazi du zaila dela gasteiztarra orain Realera etortzea, kontratua indarrean dagoelako Ekuadorko Independiente del Valle klubarekin.

Edozein kasutan klub eredua eta filosofia ez direla aldatuko azpimarratuko du, datorrenak jakin beharko duela nola egiten duen lan Realak, ulertu beharko duela bere filosofia, eta bigarren taldeak Bigarren A Mailara igotzeko aukeraz galdetuta erantzun du bigarren taldearen helburu nagusia ez dela hori, jokalariak heztea baizik. "Klubaren baloreetan sakonduko dugu. Guk lan prozesuetan sakondu behar dugu gure filosofia bera izan dadin eta gazteek jokatzeko aukera izan dezaten". Lehen taldearen gaineko erabakiak kirol zuzendari berriarekin edo entrenatzaile berriaren futbol zuzendariarekin hartuko dituztela ere esan du. Datorren denboraldirako entrenatzaile izateko izenik ez du eman baina baten bat buruan dutela adierazi du eta adostu egin behar dutela; suposatzekoa da kirol zuzendari berriarekin adostu nahiko duela, hori esan ez badu ere.

Entrenatzaile aldaketa, emaitza txarrengatik

Eusebio entrenatzailearen kasuan aitortu du Aperribaik azken bi partidek izan dutela eragina kargutik kentzea erabakitzerakoan, baina lehendik zetorren zerbait zela, denboraldi txarra ari direla egiten (lehen pertsonan esan du), eta bederatzi partida geratu arren, oraindik martxoan, apirilean eta maiatzan jokatu eta lehiatu behar duela Realak. Galdetu diote ea ez ote zuten entrenatzailez aldatzeko erabakia lehenago hartu behar, baina horri ezin diola erantzun adierazi du, "zaila" dela. Eusebiori eskerrak eman dizkio Realean egindako lanagatik, eta Imanoli ere eskerrak eman dizkio eskaintza onartzeagatik.

Atzo deitu zion Aperribai presidenteak Imanoli. Zazpi urte daramatza entrenatzaile lanetan, eta gaineratu du sekula ez duela buruan izan ardura hori, baina klubeko pertsona dela eta horregatik onartu duela. "Erronka potolo bat da", esan du. Ez du oraindik pentsatu zer esango dien jokalaraiei bihar, baina horientzako ere geratzen diren bederatzi partidak erronka bat direla adierazi du eta bere helburua jokalariengandik onena ateratzea izango dela. "Ziur naiz ez dela arazorik izango. Jokalariak profesionalak badira, denetako izan behar dute. Asko eman dezakete", gaineratu du.

Bederatzi partida hauetan jokalariei harmarriaz harro egotea eskatuko diela esan du. Baina hori ez dela nahikoa, eta lehen taldearen joera txarra aldatzeko zerbait egin behar dela. Hamaikakoak entrenamenduetan ikusitakoaren arabera zehaztuko dituela gaineratu du. Eusebiok egindako lanaz ez du hitz egin nahi izan, "errespetuagatik", baina lan ona izan dela esan du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna