Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

78 bertsolarik parte hartuko dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen fasean

Apirilaren 14an abiatuko da txapelketa, Bilbon, eta iazko formatuari eutsiko dio: hamahiru sailkatze saio egongo dira udaberrian, eta kanporaketak urrian hasiko dira.

De castro, Ibaibarriaga eta Narbaiza txapelketaren aurkezpenean
De castro, Ibaibarriaga eta Narbaiza txapelketaren aurkezpenean Marisol Ramirez / Foku

Asier Arrate Iruskieta -

2018ko martxoak 20

Inoiz baino parte hartzaile gehiago izango ditu Bizkaiko Bertsolari Txapelketak. Aurten, 78 bertsolarik parte hartuko dute lehen fasean, eta horietako 23rentzat lehen aldia izango da. Asier Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Elkarteko presidenteak, Ione Narbaiza elkarteko sustapen eragileak eta Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendariak aurkeztu dute gaur, Bilbon, 2018ko txapelketako udaberriko fasea. “Pozik” agertu dira parte hartzearekin, eta nabarmendu dute bertsolari gazteek izena emateak erakusten duela “egindako transmisio lana”.

Formatuari dagokionez, 2016an abiatutako ereduari eutsiko diote: txapelketa udaberriko sailkatze fasearekin hasiko da, eta udazkenean jarraituko du, kanporaketekin. Sailkatze fasean hamahiru saio egongo dira, eta 11 herritan jokatuko dira. Apirilaren 14an izango da lehena, Bilbon, eta maiatzaren 26an azkena, Abadiñon. Goizeko saioak 12:00etan izango dira, eta arratsaldekoak, 17:30ean. Nobedade bezala, aurten, Ondarroan eta Getxon saio bikoitzak egongo dira; goiz eta arratsaldez.

Udaberriko fasea bukatuta, uda ostean helduko diote berriz txapelketari. Udagoieneko fasea urrian abiatuko da. Bost kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala edukiko ditu. Kanporaketetan 30 bertsolarik parte hartuko dute. Sailkatutako bertsolariei 2014ko finalistak gehituko zaizkie. Finalaurrekoetan, berriz, hemezortzi bertsolarik kantatuko dute, eta 2016ko finalistak gehituko zaizkie. Finala Bilbon izango da, eta zortzi bertsolarik parte hartuko dute. Oraindik ez dituzte zehaztu kanporaketa faseko egunak eta lekuak.

Ikusten dena baino askoz gehiago

Aurtengo txapelketako irudia kolore askotako baso bat izango da. Antolatzaileek azaldu dute irudiarekin adierazi nahi dutela txapelketan, basoetan bezala, “ikusten dena baino askoz gehiago” dagoela. “Txapelketan bertsolarien lana ikusten da, baina horren atzean ekosistema oso bat dago: elkartea, bertso eskolak, plazak eta abar”, adierazi du Narbaizak.

Sarrerak, txarteldegian

Udaberriko faseko sarrerak ez dira aurretiaz salduko. Saio bakoitza hasi baino ordu erdi lehenago erosi ahalko dira, txarteldegian. Sarreren prezioa 3 eurokoa izango da, 2 eurokoa bazkideentzat, eta 16 urtetik beherakoak doan sartu ahalko dira.

Txapelketari buruzko informazioa eskura daiteke Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren webgunean eta Bizkaiko Bertsozale Elkarteko sare sozialetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna