Gizartea

Amnistiaren Legea aldatzeko aukera eragotzi dute PP, PSOE eta Ciudadanosek

Lege hori aldatuta, frankismoko krimenak ikertzeko aukera indarrean jartzeko asmoz aurkeztu dute proposamena hainbat taldek Espainiako Kongresuan.

Marian Beitialarrangoitia, Espainiako Kongresuan. /
Marian Beitialarrangoitia, Espainiako Kongresuan. / @ehbilducongreso

Berria -

2018ko martxoak 20

EH Bilduk eta ERCk proposatu dute lege aldaketa, eta EAJk, Unidos Podemosek, PDeCatek, Compromisek eta Nueva Canariasek babestu dute. Egungo testuari ondorengo paragrafoa gehitzea defendatu dute: "Lege honek jasotzen dituen xedapenek ez dute eragotziko epaitegiek eta auzitegiek genozidio, gizateriaren aurkako delitu, gerra delitu edota giza eskubideen bestelako urraketa larriak ikertzea, epaitzea eta delitu horien arduradunei dagozkien zigorrak ezartzea".

Baina aldaketa ez da egingo. PPk, PSOEk eta Ciudadanosek bidea eten diote.

Aitor Estaban EAJko diputatuak eztabaidaren aurretik esan duenez, proposamena "erabat logikoa da", ikertu gabeko giza eskubideen urraketak epaitzeko bide ematen duelako.

Aukera hori ukatzeari "penagarria" deritzo Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatuak. Beitialarrangoitiak PSOEren jarrera kritikatu du, eta hari adierazi dio frankismoaren biktimengan jarri beharko lukeela arreta, diktaduraren eskubide urraketak epaitzeari bide eman eta biktimen justizia eta ordainerako eskubidea gauzatu ahal izateko.

Hain justu, Beitialarrangoitia izan da Kongresuan lege porposamena aurkeztu duena, eta hark argi esan du, aldaketa horrekin, frankismoko krimenak ikertzea ahalbideratu nahi dutela. Lege aldaketa "berandu" etorri arren, "egia eta justizia" beharrezkoak direla nabarmendu du, horiexek baitira "berriz ez gertatzeko berme bakarra". Frankismoari jarritako "auto-amnistia" erretiratu beharra dagoela nabarmendu du. "Inpunitatea amaitu behar den edo ez" argi esateko eskatu die gainerako aldeei, eta lege aldaketa ukatzeko "forma akatsak" argudiatzea, "hobietara lur gehiago botatzea" besterik ez dela argudiatu du.

Joan Tardak defendatu du gero, eta PSOEri zuzendu zaio, lege aldaketa ahalbidetzeko eskatuz: "Zuekin biktimek badute itxaropen pixka bat; PPrekin eta Ciudadanosekin ez".

"Ahal zen legea egin zen" azpimarratu du EAJko Joseba Agirretxeak, eta gaur egun ez litzatekeela lege hori egingo. Frankismoko krimenal delitu ez direla uste badute, argi esateko eskatu die gainerako taldeei.

Alferrik izan dira, baina PSOEri egindakoe eskaerak. Diputatuen Kongresuan lege hori onartu zutenean taldeek eman zituzten argudioak ekarri ditu gogora, batik bat ezkerrekoek emandakoak. Haien indarrean jarraitzen duela argudiatu, eta legea aldatzearen kontra agertu da Gregorio Camara diputatua. Proposatutako aldaketa onartzeak, legearen funtsa aldatuko lukeela uste du PSOEk.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna