Katalunia

Sanchezek uko egingo dio diputatu aktari, defentsak Gorenean adierazi duenez

Fiskaltzak eskatu du Jordi Sanchez JxCko diputatua espetxean mantentzeko behin-behinean. Aldiz, Joaquim Forn Kataluniako Barne kontseilari kargugabetua aske uzteko galdegin du, 100.000 euroko bermearekin.

Jordi Sanchz, artxiboko irudi batean. PACO CAMPOS, EFE
Amagoia Mujika Tolaretxipi - Gorka Berasategi Otamendi
2018ko martxoaren 20a
10:54
Entzun

Jordi Sanchezen defentsa abokatuak birritan iragarri du bere bezeroak uko egingo diola diputatu aktari. Espainiako Auzitegi Goreneko apelazio aretoko epaileen aurrean egin ditu adierazpenok abokatuak. Sanchez berriro ere unibertsitateko irakasle postura itzuliko dela ziurtatu du haren defentsak. Hala adierazi du auzian akusazio partikular den Vox alderdiak.

Gaurko saioan, epaileek aztergai zuten Sanchezek Kataluniako Parlamentuko inbestidura saioan parte hartu ahal izateko baimen eskaria. Aldiz, Sanchezek diputatu aktari uko egingo balio, eskari horrek ez luke zentzurik.

Sanchezek diputatu akta utzi ala ez, fiskaltzak hasierako jarrerari eutsi dio, eta apelazio aretoari galdegin dio berrets dezala diputatuaren behin-behineko espetxeratze agindua.

Diputatuak aktari uko eginez gero, Sanchezek bidea utziko dio beste hautagai bat aurkezteko aukerari. Junts Per Catalunya eta ERC Esquerra Republicana hirugarren presidentegaia hitzartzeko eztabaidan aritu dira, bart gauean Kataluniako hedabideek alderdietako iturriak aipatuz jakinarazi zutenez. Jordi Turull JxCko kidea inbestitzeko hitzarmena egin dute. Gaur goizean baieztatu du Meritxell Serret ERCko kontseilari ohiak Turull inbestitzeko aukera, baina ondoren atzera egin du esanez oraingoz Sanchez dela hautagaia.

Carles Puigdemont presidente ohiak alde batera egin ostean, Sanchezen aldekoa izan zen proposamena, baina Espainiako auzitegietako oztopoen ondorioz jo dute orain Turullen hautagaitzara. Sanchezen aukera alde batera utzi eta 48 orduan eztabaidatuko dute proposamen berria, betiere komunikabideen arabera, eta litekeena da datorren asteko asteazken edo ostegunean izatea inbestitura saioa, hau da, Aste Santuan.

Oraingoz, baina, Turullek ez luke presidente inbestitua izateko nahikoa babesik. JxCk eta ERCk CUPekin negoziatu beharko dute Turullen hautagaitza, alderdi horrek gutxienez aldeko bi boto eman ditzan. JxCk CUPi egin dion azken eskaintza izan da Generalitateko presidenteak legealdi erdian konfiantza mozioa aurkezteko konpromisoa. CUPek iritziz aldatu ezean, JxCk Bruselan dituen bi diputatuek —Carles Puigdemontek eta Toni Cominek— aktari uko egitea izan daiteke Turull inbestitzeko modua.

Alderdietako iturriek komunikabideei emandako azalpenen arabera, kontseilaritzen banaketa ez dute adostu oraindik JxCk eta ERCk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.