Ikus-entzunezkoak

Euskarazko edukiak sakelakoan eta telebistan ikusgai, JarriON aplikazioarekin

Chromecast teknologiara egokitutako euskarazko lehen aplikazioa da JarriON. Gaur aurkeztu dute, Gipuzkoako Foru Aldundian.

Maite Iturbe, Markel Olano eta Luistxo Fernandez. EITB
urtzi urkizu
2018ko martxoaren 20a
07:08
Entzun

"Bi pantaila nagusi dauzkagu gaur egun: telefonoa eta telebista. Bi gailuak gero eta lotuago daude. Chromecast gailuak eta JarriON aplikazioak biak lotzeko baliagarriak dira", azaldu du gaur Codesyntax enpresako Luistxo Fernandezek. JarriON aplikazioaren sortzaileak tresnaren berri eman du, gaur, Donostian. Android sistema duten sakelakoentzat eskuragarri dago aplikazioa, eta www.jarrion.eus webgunearen bidez ere ikus daitezke edukiak. Euskarazko hainbat hedabideren ikus-entzunezko edukiak biltzen ditu, eta horiek gero telebistan proiektatzen dira. "Telefonoa telebistako telemando bilakatzen da, eta telefonoaren bitartez aukeratzen da telebistan zer ikusi", esan du Fernandezek. Ikus daitezkeen edukien artean BERRIA TBkoak daude, baita ETBko zein Goienako hainbat kanal ere. Bi youtuberren kanalak ere sartu dituzte JarriONen eskaintzan: Aiora Mujikaren eta Nerea Aliasen kanalak.

Bestetik, BERRIAk bi Chromecast zozkatuko ditu irakurleen artean. Parte hartzeko epea martxoaren 23an amaituko da, 12:00etan. Zozketan parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute. Bada beste aukerarik: bidali mezu elektroniko bat, izen-abizenak eta telefonoa adieraziz, [email protected] helbidera —bertan JarriON idatzi behar da gaian—, edo deitu telefonoz (0034) 943-30 43 45 zenbakira, eskaintza horretan parte hartu nahi dela esanez.

JarriON aplikazioa 2deo euskarazko ikus-entzunezko edukien laborategiaren lehen fruituetako bat da. Etorkizuna Eraikiz programaren testuinguruan, Gipuzkoako Diputazioak jarri du martxan laborategiaren proiektua. Egoitza fisikoa Donostiako Tabakaleran izango duela iragarri du Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak —hemendik hilabete batzuetara aurkeztuko dute—. "Ikus-entzunezkoen kontsumoan aldaketa bat gertatzen ari da. Hori aintzat hartuta, gazteengana iritsi nahi dugu, eta 2deok ikuspegi berritzailea izango du", esan du Olanok.

Laborategiko beste emaitzetako bat Go!azen transmedia proiektua da. Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak nabarmendu du proiektu hori Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntz Politika sailarekin, Mondragon Unibertsitatearekin, Goiena taldearekin eta Pausoka ekoizpen etxearekin eraman dutela aurrera. "Telesailaren aplikazioa sortu genuen, eta 25.000 herritarrek jaitsi dute. Astero 200.000 aldiz erabili da, gainera". Telesailak datu apartak izan ditu telebistako emankizunean. "Gauzak horrela, oso gogotsu gaude Go!azen 5.0 diseinatzeko. Datorren ikasturteko aplikazioa indartsua izango da". Aplikazioa hobetzearekin batera, funtzionalitate berriak sartuko dituzte, eta "bisualagoa" eta "dinamikoagoa" egingo dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.