Zergak

Tasa bat erraldoi digitalei

Google, Facebook, Twitter, Airbnb eta oro har negozioa nagusiki sarearen bidez egiten duten konpainia handiek diru sarreren %3 ordaintzea proposatu du Europako Batzordeak, sozietate zergaren erreforma sakonago bat indarrean jarri arte.

Google konpainia teknologikoaren logotipoa, Indian egindako ekintzailetza goi bileran. JAGADEESH NV / EFE
Ivan Santamaria.
2018ko martxoaren 21a
07:12
Entzun

Europako Batzordeak gaur goizean aurkeztu du multinazional teknologiko handien zergapetzea aldatzeko proiektua. Sozietate zergaren arau klasikoek ez diote behar bezala erantzuten esparru digitalaren loraldiari, Bruselaren aburuz. Konpainia digitalek batez beste irabazien %9,5 ordaintzen ari dira zergetan, eta negozio eredu tradizionala dutenek, %23,2. Laburbilduz, konpainia berri horien mozkinen parte handi batek ihes egiten dio zergapetzeari.

Egoera horri buelta eman ahal izateko, bi urrats dituen prozesu bat proposatu die Europako Batzordeak estatu kideei. Egokiena litzateke luzera begira sozietate zerga ezartzeko arauak —orain dela mende bat jarri zirenak— sakonean gaurkotzea, enpresa baten presentzia fisikoa eta digitala parekatzeko asmoarekin. Baina eguneratze hori egiten den bitartean, behintzat enpresa digitalei tasa bat ezartzeko ideia du Bruselak.

Tasa horrek iraultza txiki bat dakar sozietate zerga ulertzeko moduan. Gaur gaurkoz, konpainiak zergapetzeko erreferentzia irabaziak dira. Hau da, enpresa batek zergak ordaintzen ditu soilik irabaziak baditu, eta horien parte bat zergapetzen dute ogasunek. Bruselak proposatu duen tasak diru sarrerekin izango luke lotura. Irabazietan oinarritutako eredu bat uneotan ez dela posible argudiatu du, justifikatzeko.

150 enpresa jopuntuan

Nork ordainduko luke tasa? Diru sarrerak sortzeko prozesuan erabiltzaileen parte-hartzeak garrantzia duen esparruak zergapetu nahi dira: publizitate salmentak, ondasun eta zerbitzuen salerosketarako bitartekaritza, edo erabiltzailearen datuen salmentatik lortutako fakturazioa. Mundu osoan gutxienez 750 milioi euroko eta Europako Batasunean 50 milioi euroko diru sarrerak dituzten konpainiei ezarriko litzaieke.

Pierre Moscovici Finantza eta Ekonomia Gaietarako komisarioak azaldu du120 eta 150 konpainia bitarte ordaindu beharko dutela tasa berria, eta estatu kideek gutxienez 5.000 milioi euro bildu ahalko dituztela, diru sarrerei %3ko tasa jarrita.

Luzera begirako planteamendua ere aurreratu du Moscovicik. Gaur egun, konpainia batek presentzia fisikoa izan behar du lurralde batean, bere jarduera zergapetu ahal izateko. Uneotan Bruselaren hurbilketa da irabazia lortzen den lekuan ordaindu behar direla zergak, eta, hori dela eta, negozio baten presentzia digital adierazgarria non dagoen neurtzeko aldagaiak ezarri nahi ditu.

Zerbitzu digitalen salmentarekin 7 milioitik gorako diru sarrerak izatea, 100.000 erabiltzaile baino gehiago edukitzea, eta sare bidezko 3.000 negozio kontratu baino gehiago sinatzea lirateke mugak. Horietako bat betetzen duten konpainiek zergak ordaindu beharko lukete, dagokien lurraldean.

Publizitate bidez negozioa egiten duten bilatzaileak eta sare sozialak (Google edo Facebook), bitartekaritza egiten duten plataforma digitalak (Airbnb), edo streaming bidezko zerbitzuak eskaintzen dituztenak (Spotify) zergapetuko lituzke eredu berriak, eta baita ere erabiltzaileen datuen salerosketatik negozioa egiten duten guztiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.