Mendia

Unai Perez de Arenaza da Aran bailaran hildako mendizaleetako bat

Elur-jausi baten erruz zendu da gaur goizean, Vielhako tuneleko hego ahoan ikerketa batean parte hartzen ari zela, beste bi eskiatzailerekin batera. Eskarmentua zuen mendizalea zen, eta 2005ean Andres Espinosa saria jaso zuen

Ainara Arratibel Gascon -

2018ko martxoak 22

Unai Perez de Arenaza Alpinista bergararra da  gaur goizean Aran bailaran (Herrialde Katalanak) izandako elur-jausian hildakoetako bat. Perez de Arenaza Conangles inguruan zegoen, Vielhako tuneleko hego ahoan, beste bi eskiatzailerekin batera. 10:00ak aldera elur-jausi bat izan da inguruan, eta hirurak harrapatu ditu azpian. Larrialdi zerbitzuak hara bertaratu dira, baina Perez de Arenaza eta beste eskiatzaileetako bat hilda aurkitu dituzte, eta hirugarrena oso larri zaurituta. Bellvitgeko erietxera eraman dute. Erreskatean suhiltzaileek eta Mossoek hartu dute parte. Aurten 11 hildako izan dira Pirinioetan elur-jausiengatik.

Europa mailako natur ikerketa batean parte hartzen ari ziren, Bartzelonako Unibertsitatearen eskutik. Perez de Arenaza eskarmentu handiko alpinista eta eskalatzailea zen. Gidari lanak ere egiten zituen. 2005ean Euskadiko Mendi Federazioko Andres Espinosa saria jaso zuen, Shisha Pangman (8.013 metro) bide berri bat ireki zuelako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna