Katalunia

Egun beltza Kataluniako prozesu subiranistarentzat

13 politikari eta buruzagi independentista auzipetu ditu Auzitegi Gorenak matxinada delitua leporatuta. Diputatu akta galduko dute Puigdemontek eta Cominek, prozesamendu autoa irmoa denean. Ondorioz, JxCk eta ERCk gehiengo soila berreskuratuko dute parlamentuan, eta presidente bat inbestitzeko moduan izango dira.

Rull eta Turull auzitegira bidean. /
Rull eta Turull auzitegira bidean. / Paco Campos/EFE

Berria -

2018ko martxoak 23

*Kataluniako hamahiru buruzagi independentista auzipetu ditu Pablo Llarena epaileak, sedizioa eta matxinada egotzita. Horietatik, sei Auzitegi Gorenera deitu zituen gaurko, prozesamendu autoaren berri emateko. Turull, Forcadell, Rull, Romeva eta Bassa behin-behinean espetxeratzeko agindua eman du.

*Auzitegi Gorenera deituta zegoen seigarrena ERCko idazkari nagusi Marta Rovira zen, baina uko egin dio Gorenera joateari eta atzerrira ihes egin du. PPren gobernuaren eta auzitegien "jazarpen politikoa" salatu du Rovirak militanteei bidalitako gutunean.

*Llarena epaileak nazioarteko atxilotze agindua eman du Espainiako Estatutik kanpo dauden auzipetuen aurka, Anna Gabriel salbuetsita.

*Mobilizazio jendetsuak izan dira Kataluniako hainbat hiri eta herritan, espetxeratzeak salatzeko. Mobilizazio handienak Bartzelonan izan dira. Hiributuko manifestazioetako bat Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzara hurbiltzen saiatu da, baina mossoek eragotzi diete manifestariei bidean aurrera egitea. Manifestarien aurka oldartu da polizia.

*Prozesamendu autoa irmoa denean —defentsak helegiterik aurkezten badu, epaileak helegite horiek baztertzen dituenean izango da irmoa—, diputatu akta galduko dute espetxean diren edo haien kontrako atxilotze agindua duten parlamentariek. Ondorioz, gehiengo sinplea berreskuratuko dute JxCk eta ERCk parlamentuan, eta presidente bat inbestitzeko aukera izango dute.

*Llarenak auzipetzetik kanpo utzi ditu Artur Mas, Neus Lloveras eta Marta Pascal.

Zuzeneko kontakizuna

21:32
2018-03-23

Larrialdiko bilerara deitu ditu Puigdemontek kontseilari kargugabetuak, estatuaren "erasoaldi berria" aztertzeko

Carles Puigdemontek larrialdiko bilerara deitu ditu Kataluniako Gobernuko kontseilari kargugabetuak, estatuaren "erasoaldi berria" aztertzeko.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

21:23
2018-03-23

Kataluniako hainbat hiri eta herritan egin dituzte elkarretaratze jendetsuak espetxeratzeen kontra.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

21:16
2018-03-23

Otegiren iritziz, proiektu independentistak "bide baketsu eta demokratikoetatik" posible ez direla adierazi nahi du estatuak

Llarenak bost politikari independentista espetxeratzeko hartu duen erabakiak mezu argia helerazi nahi du, Arnaldo Otegiren iritziz, Espainiako Estatuaren aldetik: "Errepublika kataluniarra, galiziarra, kanariarra edo euskal errepublika ez da posile izango bide baketsu eta demokratikoetatik". Hala ere, EH Bilduren ustez bide horiek dira helburu hori lortzeko "eraginkorrenak".

Otegi ziurtatu du "78ko erregimena jaio zen tokira itzultzen" ari dela; "estoldetara, estatuaren gunerik beltzenetara".

EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren esanetan, ez da zilegi 155aren ezarpenari babesa ematen dio gobernuarekin aurrekontuak onartzea. EAJri zuzendutako oharra izan da; erreferentzia egin dio alderdi jeltzaleak PPrekin Espainiako aurrekontuak onartzeko aukerari.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

20:46
2018-03-23

Demokrazia eta giza eskubideak Espainiaren batasunaren mesedetan sakrifikatzea leporatu dio Iriartek estatuari

Maddalen iriartek espetxeratzeak gaitzetsi ditu, sare sozialetan katalanez zabaldu duen mezuan. "Demokrazia eta giza eskubideak sakrifikatzea erabaki dute, Espainiaren batasunaren mesedetan. Baina jakin behar dute gure kausa askoz ere justuagoa dela; askatasunaren kausa baita. Eta irabaziko dugu".

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

20:42
2018-03-23

Bartzelonan bertan, baina Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren inguruetan, manifestariak aurrera egiten saiatzen ari dira mossoek ezarri duten segurtasun lerrotik gaindi. Mossoak manifestariei oldartu zaizkie.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

20:38
2018-03-23

Milaka pertsona bildu dira Omniumek eta ANCk Bartzelonan egin duten elkarretaratzean. Katalunia plazan elkartzera egina zuten deia, baina txiki utzi dute plaza. Inguruko kaleak moztu behar izan ditu udaltzaingoak.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

20:30
2018-03-23

PSCren adierazpena, espetxeratzeei buruz

PSCk ohar batean azaldu du Llarenak agindutako espetxeratzeen gaineko jarrera. Batetik, "neurriz kanpoko" jo ditu epaileak ezarri dituen behin-behineko neurriak; alegia, kartzelaratze agindua. Bestetik, ordea, Rovirak auzitegiaren jarduna "sahiestu" izanak Llarenaren erabakia azaltzen duela adierazi du.

Horrez gain, biharko inbestidura saioa bertan behera uzteko eskatu dio Torrenti.

Irtenbide politiko baten beharra nabarmendu du.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

20:19
2018-03-23

Bartzelonan manifestazioa bihurtu den elkarretaratzea Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren egoitza aldera abiatu da, baina mossoek bidea itxi diete. Tentsio unean sortu dira poliziaren eta manifestarien artean.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

20:11
2018-03-23

Llarenak nazioarteko atxilotze agindua eman du Puigdemont, Rovira, Comin, Puig, Ponsati eta Serreten aurka

Llarenak prozesamendu autoa aldeei jakinarazi ondoren, nazioarteko atxilotze agindua eman du Puigdemont, Rovira, Comin, Puig, Ponsati eta Serreten aurka. Rovira ez besteen kasuan, euroagindua galdegin du Llarenak; Europako Batasuneko herrialdeetan baitaude: Puigdemont Finlandian —bidaian da, baina Belgikan bizi da Espainiako Estatutik irten zenetik—; Comin, Puig eta Serret, Belgikan, eta Ponsati, Eskozian. Aldiz, Rovira Suitzan dela ziurtatu dute hainbat hedabidek. Llarenak informazio horiek ontzat eman dituela dirudi, Suitza EBko herrialde kidea ez denez, ez baitu Rovirarentzako euroagindua eskatu, nazioarteko atxilotze agindua baizik. Llarenak ez du Anna Gabrielen kontrako nazioarteko atxilotze agindurik eman. Suitzan da Gabriel.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

20:02
2018-03-23

Espetxeratze agindua salatu du Gure Esku Dago-k ere. "Errepresio bidegabe eta onartezina" dela deritzo herritar plataformak.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

19:37
2018-03-23

Xavier Garcia Albiolek parlamentuaren biharko inbestidura saioa bertan behera uzteko galdegin dio Torrenti. Haren esanetan, osoko bilkurari eusteak "tentsioa eta gatazka" eragingo luke.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

19:32
2018-03-23

Mobilizazioak, espetxeratzeei erantzureko

Auzipetuen kartzelaratzea salatzeko moilizazioak hasi dira Katalunian. CDR Errepublikaren Defentsarako Komiteak elkarretaratzea deitu du 19:00etan, Bartzelona. Hona elkarretaratzearen bideo bat:

20:00etatik aurrera hasiko dira Omnium Culturalek eta ANCk deitutako mobilizazioak.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

19:28
2018-03-23

Romevak bere alabaren urtebetetzea izan du gogoan, kartzelan sartu aurretik

Raul Romeva: "Azkenean, ezin izango dut nire alabaren urtebetetzea berarekin ospatu. Berriz ere espetxean sartuko naiz kontzientzia oso lasai dudala eta burua oso altu. Eskerrik asko danoi babesarengatik".

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

19:23
2018-03-23

Turullek biharko bozketa mantentzeko eskatu dio Torrenti, "duintasunagatik"

Jordi Turullen abokatu Jordi Pinak hedabideen aurrean adierazi duenez, JxCeko diputatuak biharko inbestidura bozketa saioari eusteko eskatu nahi dio Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteari, bere bitartez.

Turullek bere hautagaitza bozkatzeko eskatu die "diputatu guztiei". Pinak ez du argitu deia talde parlamentari independentistei bakarrik zuzendutakoa den, ala talde gehiagorentzako mezua ere baden; Catalunya En Comu Podementzako, alegia.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

19:16
2018-03-23

Forcadell "kontzientzia lasai" duela sartuko da espetxera

Forcadellen mezua, Alcala-Mecoko espetxera sartu aurretik: "Kontzientzia lasai eta burua oso altu. Gaur fisikoki kartzelaratu gaituzte, baina ezin dituzte gure ideiak giltzapetu".

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

19:09
2018-03-23

Domenechek "autoritarismoari" aurre egiteko "bloke zabal eta anitza" galdegin du

Xavier Domenech Catalunya En comu Podemeko buruak prentsaurrekoa egin du Llarenaren erabakiaren harira. "Bloke zabal, zeharkako eta anitzak" galdegin dtu, demokraziaren aldekoak eta katalanista guztiak batuko dituena. "PP eta autoritarismo olatua kanporatzeko elkartu behar dugu".

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

19:02
2018-03-23

Irtenbide politikotik "urrunago", Urkulluren esanetan

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak kritikatu egin du Llarenak Turull, Forcadell, Rull, Bassa eta Romeva espetxeratu izana. Haren hitzetan, erabaki horren ondorioz, Kataluniak behar duen interbide politikoa, erakundeen arteko harremanen normalizazioa eta bizikidetza "urrunago" daude.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

18:58
2018-03-23

"Gerra ideologikoa" hasiko da, defentsa abokatuaren esanetan

AndreuVan D'en Eynde defentsa abokatuak adierazi du hemendk aurrera "gerra ideologikoa" hasidela, independentismoa kriminalizatu baita. Bost auzipetuak duintasunez aritu direla esan du.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

18:55
2018-03-23

Puigdemont: "Espainiar estatu antidemokratikoa lotsagarria da Europarentzat"

Carles Puigdemont: "NBEk Espainiri Jordi Sanchezen eskubideak errespetatzeko exijitu dion egunean, epaileak espetxera bidali ditu gure bost kide, haien ideia eta konpromisoarengatik. Estatu espainiar antidemokratikoa lotsagarria da Europarentzat".

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

18:51
2018-03-23

PDeCat: "Ez dugu etsiko. Herrialde baten eta haren ordezkari zilegien askatasunarekin".

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

18:48
2018-03-23

Turullen mezua, espetxera sartu aurretik

Turullek mezu bat zabaldu du bere Twitter kontuan, espetxean sartu aurretik. Adierazi duenez, herritarren "aginduarekin leial" jokatzeagatik izango da kartzeleratua. "Kataluniaren duintasuna eta demokrazia" era baketsuan defendatzera deitu ditu herritarrak. Gertukoei ez kezkatzeko eskatu die, egn duena delitua ez dela eta inori eer txarrik egin ez diola ziur dagoelako.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

18:39
2018-03-23

Llarenaren argudioak

Turull, Forcadell, Rull, Bassa eta Romevak ihes egiteko arriskua dutela deritzo Pablo Llarena epaileak. Baita leporatzen zaien matxinada delitua berriz egiteko arriskua ere. Bi arrazoi horiek aipatu ditu bost auzipetu horien behin-behineko espetxeratze agindua argudiatzeko.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

18:31
2018-03-23

Gizonezkoak, Estremerara; emakumezkoak, Alcala-Mecora

Guardia Zibilak Madrilgo Estremera espetxera eramango ditu Turull, Rull eta Romeva. Forcadell eta Bassa, aldiz, Alcala-Mecora eramango dituzte.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

18:29
2018-03-23

CDR Errepublikaren Aldeko Komiteek ere kalera ateratzeko galdegin die herritarrei. "Herriak errepresioaren kateak hautsiko ditu. Gertu gaude, eta kartzelaratze guztiei indartsu erantzungo diegu".

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

18:26
2018-03-23

Llarenaren erabakiaren ondorengo lehenengo erreakzioak zabaltzen ari dira sare sozialetan. Omnium Culturalek mobilizaziora deitu du, "Bakarrik ez daudela frogatu behar diegu. Errepresio onartezin honen aurrean batu gaitezen".

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

18:18
2018-03-23

Bost auzipetuak, kartzelara

Pablo Llarena Auztegi Goreneko epaileak espetxera bidali ditu Turull, Forcadell, Rull, Romeva eta Bassa. Bot auzipetuei matxinada delitua leporatzen die.

Turullek, Rullek, Romevak eta Bassk hainbat aste eman zituzten aurretik behin-behineko espetxeratzean. Fordadellek, berriz, gau bat egin zuen, epaileak aske uzteko ezarri zion bermea ordaindu artean.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

18:10
2018-03-23

Marta Rovirari eskainitako bideoa egin du ERCk

ERCk bere idazkari nagusi Marta Rovirari eskainitako bideoa egin du, eta sare sozialetan zabaldu du, Rovirak bere kartzelaratzea ekiditeko Espainiako Estatutik alde egin duela publiko egin ondoren. "Urrun joanagatik, inoiz ez zara bakarrik egongo" esan dio ERCk. Hona bideoa:

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

17:55
2018-03-23

Auzipetuek eta aldeek Llarenaren erabakiaren zain jarraitzen dute Auzitegi Gorenean. Une batetik bestera jakinarazi dezake Turull, Forcadell, Rull, Bassa eta Romeva espetxera bidaliko dituen ala ez.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

17:36
2018-03-23

Marta Rovira Suitzan da, hainbat hedabideren arabera

Marta Rovira ERCko idazkari nagusia Suitzan da dagoeneko, hainbat hedabideren esanetan. Auzitegi Gorenak gaur goizerako deitu zuen Turull, Forcadell, Rull, Bassa eta Romevarekin batera, prozesamendu autoaren berri emateko, baina Rovirak Espainiako Estatutik kanpora joatea erabaki du, bere "ahotsa berreskuatu" eta "PPren gobernuari aurre egiteko". Rovirak eskutiz baten bidez azaldu ditu bere erebakiaren zergatiak. BERRIAk eskutiza euskaratu du.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

16:50
2018-03-23

NBEk Espainiari galdegin dio Sanchezen eskubide politikoak bermatu ditzala

Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Komiteak eskaera egin dio Espainiako Estatuari, Jordi Sanchez ANCko presidente ohi eta JxCren diputatu ohiaren eskubide politikoak bermatu ditzan. Sanchezen defentsa abokatuek aste honetan NBEn aurkeztutako eskariari erantzun dio NBEren galdeak.

Informazio gehiago

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

16:39
2018-03-23

Auzitegi Gorenean dira berriz ere Turull, Forcadell, Rull, Bassa eta Romeva. 17:00ak aldera jakinaraziko du Llarena epaileak espetxera bidaltzen dituen ala ez.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

16:30
2018-03-23

Puigdemonten iritziz, Rovirak "erabaki ona" hartu du

Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuak "elkartasun osoa" adierazi die auzipetuei Helsinkitik, eta beste behin berretsi du ez diola uko egingo diputatu aktari. Puigdemonten iritziz, Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak "erabaki ona" hartu du Espainiatik alde eginda. "Bere eskubideak errespetatuak diren inguru batean bere burua defendatzeko eskubidea du".

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

16:25
2018-03-23

Rajoyk adierazi du ez dituela beste hauteskunde batzuk nahi

Mariano Rajoy Espainiako presidenteak ez du gustuko Katalunian berriz ere hauteskundeak deitzeko aukera. Hala izan ez dadin, ardura eskatu die Kataluniako Parlamentuko talde politikoei. "Justiziarekin arazorik ez duen hautagai bat" aurkeztea dagokiela esan du.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

15:45
2018-03-23

JxCk eta ERCk presidente bat inbesteitzeko aukera izango dute Llarenaren autoaren ondorioz

Bitxia dirudien arren, Llarena epaileak gaur iragarri duen prozedimendu autoak Katalunian presidente bat inbestitzeko aukera erraztu dezake. Izan ere, prozedimendu autoa irmoa denean —defentsak helegiterik aurkeztuko balu, epaileak horiek atzera bota ondoren litzateke irmoa— diputatu akta galduko dute Toni Cominek eta Carles Puigdemontek. Horren ondorioz, Comin eta Puigdemont hauteskunde zerrendako hurrengoek ordezkatuko dituzte, eta gehiengo soila berreskuratuko dute JxCk eta ERCk parlamentuan.

Informazio gehiago

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

15:39
2018-03-23

CDRk "errepresioaren kateak" haustera deitu du

CDR Errepublikaren Defentsarako Komiteek ere kalera joko dute. Espainiaren "errepresioaren kateak" hausteko beharra nabarmendu du, eta moilizazioa egingo du plataformak, 19:00etan, Bartzelonako Graciako lorategietan. "Herri oso baten aurkako erasoa da eta argi utziko dugu errepresioari aurre egiteko prest gaudela", adierazi du CDRk.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

15:35
2018-03-23

ANCk elkarretaratzeak egingo ditu Espainiako Gobernuaren ordezkaritzen aurrean

Auzitegi Goreneko Pablo Llarena epaileak erabakitzen duen erabakiten duela ere, ANCk kalera irteteko deia egin die herritarrei. Elkarretaratzeak antolatu ditu Gironako, Tarragonako eta Lleidako Espainiako Gobernuaren ordezkaritzen aurrean, 20:00etan. Bartzelonan, manifestazioa egingo dute ordu berean hasita.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

15:12
2018-03-23

JxCren, ERCren, Catalunya En Comu Podemen eta CUPen adierazpen bateratua

"Eskubide zibil eta politikoen urratzea" salatu dute JxCk, ERCk, Catalunya En Comu Podemek eta CUPek adierazpen bateratuan. Kataluniako Parlamentuko bozeramaileen batzordean adostu duten testuak "estatu espainiarraren aparatu judizialak parlamentuaren subiranotasunean esku hartzea" gaitzetsi du. Kataluniako erakundeen "duintasuna" defendatu dute lau taldeek.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

14:52
2018-03-23

Amaitu da goizeko auzi saioa Auzitegi Gorenean. Bi ordu barru jakinaraziko du Llarenak bere erabakia.

Bost auzipetuak kalera irten dira.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

14:50
2018-03-23

Mobilizatzera deitu dute hainbat eragilek

Kataluniako hainbat eragilek mobilizatzera deitu dituzte herritarrak, erreferendumaren kontrako auzian ikerketapean izan diren diputatu eta diputatu ohiak espetxeratuak izateko aukeraren aurrean. Despertem la Republika plarafomak Bartzelonako Katalunia plazan biltzera deitu ditu herritarrak. CDR Errepublikaren Defentsarako Komiteak eta ANCk kalera ateratzeko eskatu diete herritarrei.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

14:18
2018-03-23

Erbestean dauden auzipetuak atxilotzeko nazioarteko aginduak emateko eskatuko dio Fiskaltzak Llarena epaileari, hainbat hedabideren arabera.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

13:53
2018-03-23

Nolanahi ere, Kataluniako Legebiltzarreko Mahaiak bihar goizean erregistroa irekita edukitzea erabaki du, diputatu berriek aktak hartu nahi baldin badituzte ere. 11:30ean da hastekoa osoko bilkura, eta bi ordu eta erdi lehenago irekiko dute erregistroa.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

13:39
2018-03-23

Diputatu akta galdu dute Puigdemontek, Cominek eta Junquerasek. Hala ere, bihar egitekoak diren inbestidurako bigarren bozketarako, ez du ematen astirik akta horiek beste bi diputatuk hartzeko. Hala egitekotan, Turullek aukeratua ateratzeko behar duen gehiengo sinplea batuko lukete. Baina, akta aldaketa egiteko, egun batzutako tramitea igaro behar da. Gainera, ikusteko dago Turull bihar Bartzelonan egongo den edo epaileak espetxera bidaliko duen gaur.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

13:24
2018-03-23

Espetxeratzeko eskaera egingo du fiskalak

Hainbat hedabidek zabaldu dutenez, ahozko auzi saioan Turull eta beste bost kotseilariak espetxeratzeko eskatuko du fiskalak. Halaxe eskatuko du VOX akusazio partikularrak ere.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

13:12
2018-03-23

Auzi saioa hasi da

Espainiako Auzitegi Gorenean hasi berri da auzipetuei jarri beharreko behin-behineko neurriei buruzko auzi saioa. Turull, Rull, Romeva, Bassa, Forcadell eta Rovira espetxeratzeko agindua emango duen edo ez erabaki behar du. VOXek kartzeleratzeko eskatu du. Fiskaltzak zer eskatuko duen ez da argitu.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

12:58
2018-03-23

Ihes egiteko arriskua

Pablo Llarena epaileak dio auzipetuek ihes egiteko arriskua "handia" dela, ez bakarrik leporatzen zaizkien delituak "larriak" direlako, baita dituzten baliabide ekonomikoengatik ere. "Ikerketan argi geratu da akusatuek mespretxatu egiten dituztela epaileen erabakia, eta entzungor egiten dietela haien aginduei".

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

12:49
2018-03-23

Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente ohiak esan du "elkartasun falta ikaragarria" erakutsi duela Rovirak erbestera joanda. Horrek, gainerako auzipetuen egoeran eragin dezake bere ustez, "okerrerako".

12:49
2018-03-23

Kataluniako Parlamentuan 11:30ean egingo dute bihar inbestidura saioko bigarren bozketa. Zenbait iturriren arabera, oraindik ez dago argi ganbera lehenago irekiko ote den kargugabetutako diputatuen ordezkoek euren aktak hartu ahal izateko.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

12:45
2018-03-23

Bartzelonako Udaleko osoko bildura eten egin du une batez Ada Colau alkateak, ERCko kideekin elkartasunean.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

12:26
2018-03-23

Jon Iñarritu EHBilduko senataria eta Auzitegi Gorenaren atarian da, auzipetuei elkartasuna adierazten.

12:23
2018-03-23

"Espainia salbatzeko lana euren gain" hartu izana egotzi die Aitor Esteban jeltzaleak auzitegiei: "Turullen izena presidentegai gisa zabaldu zenean Llarenak berehala hartu zuen hura auzipetzeko erabakia". Estebanek ohartarazi du, hala ere, Espainiari ez zaiola komeni 155ak indarrean jarraitzea.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

12:15
2018-03-23

Llarenak dio "subiranisten estrategia" ez dela 155arekin amaitu, aldiz, "latente eta berri hasi zain" dagoela, eskumen autonomikoak berreskuratzeko esperoan. "Kataluniako Trantsizioa Nazionalaren Liburu Zurian jasotzen zen, estatuak independentzia onartu ezean, Konstituzioari eta legeari desobedituz lortuko zela banaketa".

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

12:05
2018-03-23

Auzipetuak

Matxinadaz eta diru funtsak bidegabe erabiltzeaz akusatuak:

Carles Puigdemont (erbestean), Oriol Junqueras (espetxean), Joaquim Forn (espetxeanl), Jordi Turull (behin-behinean aske), Raül Romeva (behin-behinean aske), Toni Comin (erbestean), Dolors Bassa (behin-behinean aske), Clara Ponsati (erbestean) eta Josep Rull (behin-behinean aske)

Matxinada:

Carme Forcadell (behin-behinean aske), Jordi Sanchez (espetxean), Jordi Cuixart (espetxean) eta Marta Rovira (erbestean).

Diru funtsak bidegabe erabiltzea eta desobedientzia:

Meritxell Borras (behin-behinean aske), Carles Mundo (behin-behinean aske), Santi Vila (behin-behinean aske), Lluis Puig (erbestean) eta Meritxell Serret (erbestean).

Desobedientzia:

Mireia Boya (behin-behinean aske), Anna Gabriel (erbestean), Lluis Corominas (behin-behinean aske), Lluis Guino (behin-behinean aske), Anna Simo (behin-behinean aske), Ramon Barrufet (behin-behinean aske) eta Joan Josep Nuet (behin-behinean aske).

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

11:59
2018-03-23

Mobilizazioetara deitu ditu herritarrak ANCk. Gironan eta Bartzelonan Espainiako Gobernuak dituen ordezkaritzen atarietan bilduko dira 20:00eta.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

11:56
2018-03-23

PSCko buru Miquel Icetak zentzugabetzat jo du Marta Roviraren erabakia: "Okerreko urratsa egin du. Ez dugu gehiagorik esango". Aldiz, babesa agertu diote bai Junts per Catalunyako kideek eta baita CUPekoek ere.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

11:53
2018-03-23

Puigdemontek babesa Rovirari

Carles Puigdemontek "erabateko babesa" eskaini dio Marta Rovirari, hark erbesteratzeko erabakiaren berri eman ostean. Helsinkin dago Puigdemont, eta han esan du uste duela Rovirak "erabaki ona" hartu duela: "Bere eskubideak errespetatzen diren tokian bere burua defendatzeko eskubidea dauka".

Roviraren intentzioen berririk ez zuela esan du, ez direla koordinatuta aritu.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

11:50
2018-03-23

Marcel Mauri (Omnium): "Egoera bidegabea bizi dugu"

Marta Rovirari eskerrak eman dizkio Omniumeko eledun Marcel Maurik egindangatik, eta "eskubideak urratzen" aritzea egotzi dio Espainiako Gobernuari: "Non dago Jordi Cuixarti egozten dioten indarkeria? Matxinada delitua ez dago justifikatua".

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

11:46
2018-03-23

Turull, Rull, Romeva, Bassak, Rovirak eta Forcadell kartzeleratzeko agindua eman edo ez erabaki behar du orain epaileak. Alde guztien eskaerak entzun behar ditu horretarako. VOX akusazio partikularrak jakinarazi du espetxeratzeko eskatuko duela.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

11:42
2018-03-23

Marta Roviraren gutuna, euskaraz

Gutun bidez jakinarazi die Rovirak militanteei erbestera joateko erabakia: "Bide gogor bati ekiten diot gaur, zoritxarrez, gure aurretik hainbatek hartu behar izan duten bidea. Erbesterako bidea".

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

11:41
2018-03-23

Llarenak matxinada egotzi dielako, diputau akta galdu dute Junquerasek, Puigdemontek eta Cominek —aurrena preso dagoelako eta beste biak espetxeratzeko egindua dutelako—. Llarenak behin-behineko neurrien berri emango die matxinada egotzi dien gainerako diputatuei. Haiek ere diputatu akta galduko dute giltzapera bidaltzen baditu, baina mantendu egingo dute ez badituzte preso sartzen. Turull, Rull eta Romeva daude egoera horretan. Bassak, Rovirak eta Forcadellek atzo utzi zuten diputatuen akta, beren kabuz.

Hauteskunde zerrendan atzetik zetozenek hartuko dituzte haien aktak, orain.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

11:41
2018-03-23

Epaileak desobedientziagatik auzipetu ditu Parlamentuko Mahaiko bost kide ohi: Lluis Corominas, Lluis Guinno, Anna Simo, Ramona Barrufet eta Joan Josep Nuet. CUPeko talde parlamentarioko buru izandako Mireia Boya eta Anna Gabriel —egun erbestean— eleduna ere auzipetuta daude desobedientziagatik.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

11:37
2018-03-23

Bartzelonako alkate Ada Colauk elkartasuna helarazi die ERCk kideei: "Ados egon edo ez alde batera utzita, elkartasuna adierazi nahi diet ERCko kideei. Egoera hau ez da normala, eta denok egin behar dugu ahalegin bat hau gainditzeko".

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

11:29
2018-03-23

Matxinada egotzi die, besteak beste, zeinak 25 urteko espetxe zigorra duen. Auzipetuek diputatu aktak galduko dituzte.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

11:27
2018-03-23

Auzitegi Gorenak Kataluniako hamahiru buruzagi independentsita auzipetu ditu, tartean Carles Puigdemont jarduneko presidentea eta Toni Comin erbestean den kontseilaria.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor


Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna