Roviraren gutuna

"Azken asteotan, barne presondegi batean bizi izan naiz"

Marta Rovirak militanteei idatzitako gutun batean azaldu du Gorenean ez aurkezteko eta ihes egiteko bere erabakia.

Berria -

2018ko martxoak 23

Marta Rovira ez da aurkeztu gaur goizean Madrilen Auzitegi Gorenean Pablo Llarena epailearen aurrean. Aurretik militanteei bidalitako gutun batean jakinarazi du atzerrira joan dela. Aldi berean, Llarenak matxinada egotzi die Puigdemonti, Junquerasi, Turulli eta beste hamar laguni. BERRIAk Roviraren gutuna itzuli du euskarara:

"Gaur bide gogor bati ekin diot, gure aurreko hainbatek ere zoritxarrez egin zuten bezala. Erbesterako bideari.
Ezin dut ezkutatu zein triste eta goibel sentitzen naizen orain, banoa-eta maite dudan, asko maite dudan hainbeste jendearengandik urrun. Urrun, hainbatekin luzaroan borrokan ibili ondoren, denek ere helburu bakarra zutela: bizi diren gizartea aldatzea. Justuagoa egitea. Pertsona duinak. Haurtzarotik inguruan izan ditudan paisaiak ikusteari utzi, bizi izan naizen hirietan paseatzeari utzi...  
Triste nago, baina tristeagoa izango zen barrenean isilik egon beharra. Sentitzea nola zentsuratzen didaten adierazpen askatasuna mehatxu egin eta —lotsagabekeriaz— irizpide politikoak darabiltzaten epaitegi batzuek. Egunero, orduero sentitzen nuen askatasuna mugatzen zidatela mehatxu judizial arbitrario batzuek. Ez nintzen libre sentitzen. Ez nuen ezagutzen neure burua. Azken asteotan, barne presondegi batean bizi izan naiz.
Erbestea bide gogorra izango da, baina horixe da modu bakarra nire ahots politikoa berreskuratzeko. Horixe dut modu bakarra PPren gobernuaren kontra jaikitzeko, zeina jazartzen baitzaio bozkatzearen alde dagoen orori, baita zigorra ezarri ere lehendik ezarririkoa eta orain ezarririkoa aldatzen saiatzen den edonori. Gobernu hori prest dago zuzenbide estatuaren eta askatasun zibilen gainetik pasatzeko, bere helburu politikoak lortzeagatik.
Alaba bat dut, Agnes. Amek badakite nola maite dudan. Eta zein indartsua den hari ahal dudan guztia emateko sentimendua. Erbesteak aukera emago dit haren amarena egiteko, eta merezi du. Ondo merezi ere.
Azkenik, beste gauza bat esan nahi dizuet. Ez utzi gorrotoari zuengan nagusitzen. Erresuminak ez du izan behar errealitate antidemokratiko eta guztiz bidegabe baten analisiaren ondorioa. Inorenganako erresuminik ez. Ezeren kontrako erresuminik ez.  Herritar guztiak eta iritzi guztiak errespetatzea eta maitatzea da modu bakarra errotiko aldaketa sakonak egiteko. Batera lan egitea da modu bakarra guztientzako Errepublika lortzeko.
Oriolek esaten duen bezala, «etorriko zaizkigun egunotan, segi sendo eta batera. Bihurtu haserrea kemen eta adore. Amorrua maitasun. Pentsatu besteengan beti. Eta zer berregin behar dugun. Eutsi gogor, nik gogor eutsiko diot eta. Mila esker zuen babesagatik, Maite zaituztet». Eta horixe egingo dugu, Oriol.
Zintzo eta libre idazten dizuet, orain bai. Eta halaxe egin ahal izango dut aurrerantzean, ERCko idazkari nagusia naizen aldetik; maite dut nire alderdia, zeinak hainbeste eman baitio herriari, eta askoz gehiago eman beharko baitio oraindik.
Biba libertatea, biba justizia, biba berdintasuna eta senidetasuna. Biba guztientzako Errepublika katalana!"

Marta Rovira

Esquerra Republicanako idazkari nagusia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna