Jantzigintza

Moda eta ondarea elkarrizketan jarri dituzte Balentziaga Museoan

Cristobal Balentziagaren ibilbidea biltzen duen erakusketa kronologikoa zabaldu dute Getariako Balentziaga Museoan; 2019ko urtarrilaren 27ra arte izango da ikusgai.

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko martxoak 23

Kronologiaren arabera eta lau gaitan banatuta antolatu dute Cristobal Balentziaga, Moda eta Ondarea erakusketa; Balentziagaren obraren hastapenak eta eraginak (1917-1937), bilaketa formala (1937-1951), garapena eta iraultza (1951-1959), eta arazketa eta abstrakzioa (1960-1968). Erakusketak museoko 900 metro koadro hartzen ditu, eta 80 jantzi-pieza daudeikusgai. Piezen ia erdiak lehen aldiz erakutsiko dira Getariako Balentziaga Museoan (Gipuzkoa).

Erakusketa atontzeko Balentziaga Museoa Judith Clarkekin jarri zen harremanetan. Erakusketa-sorztailea da Clark eta Museologia irakasten du Londresko London College of Fashion eskolan. "Elkarrizketa horren bidez agerian jarri nahi izan dugu historia hau gorpuzten duten piezen ondare-balioa, eta, era berean, nabarmendu nahi izan dugu piezak erakusketa honetara iritsi direla, hain zuzen ere, lehenago sakon aztertu eta tentuz zaindu direlako", azaldu du Miren Vives Balentziaga Museoko zuzendariak gaur goizean egindako aurkezpen publikoan.

Clarkek adierazi du erakusketaren estetikak "artxiboaren eta zaharberritzeko laborategien giro zuri eta garbia" dakarrela gogora: "Etengabeko presentzia dute kontserbazio-materialek eta barrualde horretako lan egiteko moduek, museoaren espazio pribatuekoek; normalean ikusezina izaten da espazio hori, eta, horrexegatik, misteriotsua eta erromantikoa da bisitariarentzat".

Museoko ondarearen ikuspegia kontuan harturik eraiki da erakusketa, "betiere kronologia, ulermena eta testuingurua zainduz; edonola ere, proposamen irekia eta bizia da", Vivesen hitzetan. "Hazten ari da oraindik, eta, etorkizunean, ezagutza geruza berriak gehituko zaizkio".