Gehiengo sinplez lehendakari bat aukeratu ahal izango dute JxCk eta ERCk

Puigdemontek eta Cominek diputatu akta galduko dute auzipetze autoa irmo bihurtzen denean. Beste bi diputatu sartuko dira legebiltzarrera, eta horrenbestez haien botoak erabili ahal izango dituztenez, gehiengo sinplea batuko dute JxCk eta ERCk.

Kataluniako Legebiltzarra, atzo, auzi saioa amaitu zenean. ALBERTO ESTEVEZ, EFE
Oihana Elduaien Uranga.
2018ko martxoaren 23a
14:53
Entzun

Berez, C's-k (36), PSCk (17) eta PPk (4) baino boto bat gehiago dute JxCk (34) eta ERCk (32). 65 batzen dituzte aurreneko multzokoek eta 66 bigarrengokoek. Praktikan, baina, bi boto gutxiagorekin aritu dira JxC eta ERC. Carles Puigdemont eta Toni Comin Belgikan daude, eta ezin dute beraien botoa eman. Horregaitik, presidente bat inbestitu ahal izateko beharrezkoa duten gehiengo sinplea osatzeko, CUPen bi boto behar zituzten independentziaren aldeko alderdiek —bigarren bozketan da nahikoa gehiengo sinplea; lehenengoan, gehiengo osoa beharko lukete—.

Pablo Llarena epaileak aldatu egin du ordea gehiengoen balantza hori. Epaileak gaur atera duen auzipetze autoa irmo egiten denean —defentsak helegiteak aurkeztuz gero, horiek baztertu ostean gertatuko litzateke hori—, Puigdemontek eta Cominek galdu egingo dute diputatu akta, prozedura kriminalerako legearen 384 bis astikulua aplikatuta; matxinada egotzita auzipetuta daudelako, eta beraien kontrako espetxeratzeko agindua dagoelako —kargua etengo diete, baina ez dituzte inhabiltatuko—. Hauteskundeetan haien zerrendetan aurkeztu ziren hurrengoek hartuko dituzte orduan haien aktak, eta legebiltzarrean arituko dira. Horrek, praktikan, gehiengo sinplea JxCren eta ERCren alde jartzea ekarriko du. Beraz, gehiengo sinplea baliatuta, Generalitateko lehendakaria aukeratzeko modua izango dute, bigarren bozketan.

Bihar dira egitekoak Turullen inbestidurako bigarren bozketa. Hala ere, ez da segurua Turull Bartzelonan izango denik bihar, Llarenak preso sartu baitezake gaur. Gainera, han egotekotan ere, ezinezkoa dirudi biharko beste bi lagunen eskuetan egotea Puigdemonten eta Cominen aktak.

Nolanahi ere, akta aldaketa horiek egiten direnean, presidente berria izendatu ahalko dute JxCk eta ERCk, hautagai bat adosten badute. Eta orduan ez dute CUPen beharrik izango.

Inbestidurako lehen bozketa atzo egin zutenez, atzo hasi zen presidentea inbestitzeko gehienezko epea kontatzen, eta bi hilabete izango ditu parlamentuak lehendakari bat aukeratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.