Kurdistan

PKK Sinjarretik erretiratuko da

Kurdistango Langileen Alderdiak erran du yezidien segurtasuna bermatuta dagoela, eta Irakeko Gobernua prest agertu dela gutxiengo erlijioso horren eskaerak aztertzeko.

Errefuxiatu yezidiak laguntza helikoptero batera igotzeko ahaleginean, Sinjarreko mendietan, artxiboko irudi batean. MICHEL REIMON, EFE
mikel rodriguez
2018ko martxoaren 23a
10:11
Entzun

2014ko abuztuan EI Estatu Islamikoak erasoaldi bat hasi zuen Irak ipar-mendebaldeko Sinjar hirian eta horren inguruan, asmo deklaratu batekin: yezidiak deuseztatzea. 3.000 baino gehiago hil zituen, eta 6.000 inguru esklabotzat hartu —emakumeak eta adingabeak, gehienak—. Dozenaka milak ihesean jo zuten Sinjar mendira, eta EIren jazarpenari aurre egin zioten indar bakarrak PKK Kurdistango Langileen Alderdia eta YPG Herriaren Babes Unitatea (Siriako kurduen miliziak) izan ziren. 2015eko azaroan lortu zuten PKK-k, YPGk eta Kurdistango Eskualde Autonomoko pexmergek EI Sinjarretik bidaltzea, AEBen aire erasoen laguntzarekin. Bi urte eta erdi geroago, PKK-k erretiratu eginen dela erran du. 

"Kontuan hartuta yezidiak gizarte antolatu bat bihurtu direla, Sinjarren haien burua gobernatzeko gaitasuna lortu dutela, eta Irak ulerkor agertu dela haien eskaera demokratikoekin, eta segurtasuna bermatzeko borondatea erakutsi duela, erabaki dugu gerrillak Sinjarretik erretiratzea", adierazi du KCK Kurdistango Herrien Konfederazioak Firat agentziara bidali duen agiri batean. Abdullah Ocalan PKK-ko buruzagi historikoak proposatu zuen konfederalismo demokratikoaren proiektu politikoarekin bat egiten duten eragileen plataforma da KCK —horien artean daude, bertzeak bertze, PKK bera, eta PYD Batasun Demokratikoaren Alderdia (Siriako kurduen alderdi nagusia)—. 

Erabakia une esanguratsuan hartu du PKK-k, Turkiak Siria barneko Kurdistango Afrin barrutia inbaditu ondoren, Irak iparraldean dauden kurduen miliziak ere mehatxatu baititu. Turkiako Gobernuak errana du Irakekoarekin hitzartuta duela erasoaldi bat hastea eremu horretan. KCK-k bertzerik dio oharrean: "Ikusten ari gara Turkiako Estatua eta bertze eragile batzuk ahaleginean ari direla kurduak eta Irak elkarren aurka paratzeko. Irakeko Estatuak Turkiaren politika horiei jaramonik egin ez dienez, eta yezidien segurtasunarenganako eta auto-gobernuarenganako ardura erakutsi duelako, ahalbidetu du gerrillek Sinjarren duten presentzia berrikustea".

Siria barneko Kurdistango ereduari jarraituz, yezidiek gobernu autonomo bat eratu zuten Sinjarren, administrazio eta milizia propioekin. Erabaki horrek tentsioa sortu zuen PKKren eta Iraken barneko Kurdistango Eskualde Autonomoaren artean. Pexmergak iazko udazkenean erretiratu ziren Sinjartik, eskualde autonomoak independentzia erreferenduma egin ondoren Bagdadekin sortu zen tentsio aldian.      

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.