Euskal presoak

Desberdinen arteko elkarrizketen alde egin du Sarek

Donostian egin dute batzar orokorrean nabarmendu dute azken hilabeteetan urratsak egin direla "indarkerien garaia alde batera uzteko". Baina kritikatu dute, ETAk borroka armatua utzi eta sei urtera, estatuek geldirik jarraitzen dutela.

Bego Atxa eta Joseba Azkarraga, Sareren batzar nagusian. /
Bego Atxa eta Joseba Azkarraga, Sareren batzar nagusian. / Jon Urbe/Argazki Press

Berria

2018ko martxoak 24

Duela lau urte sortu zen Sare, eta ordutik gauzak asko aldatu dira. Hala, adierazi du Joseba Azkarraga bozeramaileak plataformak Donostian egin duen batzar orokorrean. "Ez da atxiloketa arbitrarioen garaia, eta ez makrojuizioenak, ez eta ere Xabier Reyrenaren gisako heriotzena. Utz ditzagun alde batera gorrotoak, mendekuak eta garaipenak, eta eraiki dezagun gure seme-alabentzako gurea baino etorkizun hobea".

Azkarragak gogora ekarri ditu azken hilabeteetan gatazkaren konponbidera bidean emandako pausoak, eta aurrerantzean ere bide beretik jarraitzeko deia egin dio gizarteari: "Denok elkarrekin egongo garen eremu bat eraikitzea da helburua. Une hau egokia da hausnarketarako, eta baita eskerrak eman eta helburu berriak ezartzeko ere".

ETAk borroka armatua utzi eta sei urtera Frantziak eta Espainiak geldi jarraitzen dutela kritikatu du Azkarragak, nahiz eta Frantziak azken asteetan hainbat euskal preso gerturatzeko urrats txikiak egin. "Euskal gizarteak lortu zuen Espainiak ekidin nahi zuena, ETAren armagabetze ordenatu eta egiaztatua".

Txalotu egin ditu baita ere EAEko nahiz Nafarroako Parlamentuetan adostutako hitzarmenak, eta iragarri du euren aldetik "herritar guztien" oinarrizko giza eskubideen alde lanean jarraituko dutela, besteak beste, "larri gaixo dauden euskal presoak aske uzteko eskatuz, sakabanaketaren amaieraren alde lanean eta euskal presoen eta beren familien giza eskubideak urratzen dituen salbuespeneko legedia indargabetzeko eskatuz".

Batzarrean izan dira alderdi politikoetako hainbat ordezkari ere, tartean, Sortuko Rafa Diez eta Rufi Etxeberrria eta EH Bilduko ordezkari Pello Urizar.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna