ANC

Elisenda Paluzie aukeratu dute ANCko presidente

Idazkaritza nazionaleko 77 kideetatik 71ren aldeko botoa eskuratu du Sanchezen ordezkoa izango denak.

Elisenda Paluzie, erdian, ANCko buru aukeratu berritan. /
Elisenda Paluzie, erdian, ANCko buru aukeratu berritan. / Marta Perez/EFE

Berria -

2018ko martxoak 24

Carme Forcadell eta Jordi Sanchez izan dira, hurrenez hurren, ANC Biltzar Nazional Katalaneko azken bi presidenteak. Biak daude preso egun, urriaren 1eko erreferendumarekin izandako zerikusiagatik espetxeratuta. Testuinguru horretan aukeratu du ANCk Sanchezen ordezko izango dena, Elisenda Paluzie.

Bartzelonako Unibertsitateko Ekonomia irakaslea da Paluzie, eta berak irabazi zituen joan den asteburuan egindako Idazkaritza Nazionalerako bozak. Paluziek bi mila boto inguruko aldea atera zion bigarren geratu zen Joan Canadelli. Ordea, erakundeko presidentea ez dute militanteek aukeratzen, idazkaritzako 77 ordezkariek baizik. Horietatik 71ren aldeko botoa jaso du Paluziek —73 ordezkarik hartu dute parte batzarrean, eta bik zuri bozkatu dute—.

ANCko presidente berriak iragarri du bere asmoa dela elkarlanean aritzea. "Mozten duten buru bakoitzeko beste bat sortuko da", oharatarazi du. Paluzie ERCko militante izan zen, eta gero alderdia utzi zuen, Solidaritat Catalana per la Independencia alderdian sartzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna