Torrentek batasunerako deia egin du

Roger Torrent, adierazpen ofiziala egiten, Parlamentuan. KATALUNIAKO PARLAMENTUA
jon ordonez garmendia
2018ko martxoaren 25a
12:09
Entzun

Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak adierazpen ofizial batean batasaunerako deia luzatu die alderdi, sindikatu eta gizarte zibileko eragileek. Erbesteratu diren eta kartzelaratu dituzten politikariak aintzat hartuta, une honetan Torrent da Kataluniak duen kargu instituzional ia bakarra eta hala zuzendu zaie kataluniarrei TV3 telebista publikoren bitartez. Demokrazioa salbatzeko beharrezkotzat jo du eskubideen eta askatasunen aldeko fronte komun bat osatzea: "Demokrazia edozein interesen gainetik dago. Batu gaitezen, utz ditzagun ika-mikak eta eraiki ditzagun itxaropenak".

Atzo Kataluniako legebiltzarrean JxC, ERC, Catalunya en Comu eta CUPeko ordezkariak inguratuta mintzatu zen, ostiraleko espetxeratzeko aginduen ostean Turull presidente izendatzeko bigarren bozketa bertan behera geratu ostean. Bihar astelehena batasunaren aldeko lanari ekingo diola jakinarazi du, Puigdemonten atxiloketari erantzun bateratu bat emateko. "Une larria da. Salbuespen egoera bat dela argi dago", adierazi du, eta gaineratu du irtenbidek politiko bat bilatu behar zaiola auziari, "ez judiziala".

"1978tik Katalunian eta Espainiako Estatuan demokraziak eta oinarrizko eskubideak izaten diren une ilunenak dira hauek", esan du Torrentek, eta demokraziaren inboluzio testuinguru batean kokatu ditu. Ostiraleko espetxeratzeekin eta Puigdemonten atxiloketarekin Kataluniako herritarren nahia "bahitzen" ari direla esan du. Ostiralekoa Espainiako demokraziari emandako "kolpe ia erabakigarria" izan zen Torrenten arabera, eta Puigdemontek atxiloketak erakusten duela Estatuaren botereen "mendeku gosea ase ezina" dela.

Torrentek uste du Katalunia laborategi gisara erabiltzen ari dela Espainia, disidentziari jazartzeko, eta horrekin Europa sortu zeneko oinarriak kolokan ari dela jartzen: "Demokraziaren bihotza ari dira erasotzen, etsai politikoaren aurka kausa orokor bat eginez". Horren aurrean lasaitasuna eskatu du, arduraz jokatzeko, eta erantzun oro baketsua izateko: "Ez diezaiogun garaipenik oparitu demokraziak irabaztea nahi ez duenari".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.